Aller au contenu principal

Ekonomia Sozial Eraldatzaile


Ekonomia Sozial Eraldatzaile


Ekonomia Sozial Eraldatzailea (ESE) lanaren burujabetza ardatz hartuta, ekonomia bizitzaren zerbitzura jartzen saiatzen den ekonomia sozialaren alorra da. Jardun ekonomikoaren bidez, gizartea eraldatzea dute helburu, pertsonen eta planetaren ongizatea bermatuko duen norabide baterantz eramanez.

Aktibitate bat edo enpresa bat Ekonomia Sozial Eraldatzailea da aldagai sozialak aintzat hartzen baditu, eta ahalegina egiten badu joera hori gizarte osora zabaltzeko.

Printzipioak

Pertsonak erdigunean

Kapital ekonomikoa baliabidea izatea du helburu eta ez alderantziz. Pertsonen ongizatea kontuan hartzen da, bai langileena, baita aktibitatean parte hartzen duten guztiena ere.

Ekonomia modu demokratikoan

Berdintasuna bermatzeko asmoz antolatzen da modu demokratikoan, eta ez modu bertikal eta hierarkikoan. Pertsonak ahalduntzea du helburu, parte hartzea eta prozesu kolektiboak sustatzen ditu, hala, demokrazia ekonomikoaren ereduan sakontzen du, modu horizontalean partaide guztien iritzia kontuan hartuz.

Beharrak asetzeko

Sortzen diren ondasuna eta zerbitzuak pertsonen edo komunitatearen beharrak asetzeko dira, ez ahalik eta etekin gehien lortzeko edo espekulatzeko.

Terminologia

Ekonomia sozial eta solidarioa

Ekonomia sozial edo gizarte ekonomia terminoak ibilbide luzea du, eta azken urteotan, berriagoak diren solidarioa edo eraldatzailea atzizkiak agertu dira. Mozkinez Besteko Erakundeen (non profit organizations) eta Enpresa Sozialen (social enterprises) korronteen arteko elkargunetik sortu zen Ekonomia sozial eta solidarioa terminoa.

Eraldatzailea

Ekonomia eraldatzailea da, aldagai sozialak kontuan hartzeaz gain, gauzak egiteko modu hori gizartean ahalik eta gehien zabaltzeko helburua duenean.

Burujabetza

ESE proiektuetan erabiltzen den beste termino bat burujabetza da. Proiektu ekonomiko horiek birjabetasuna bilatzen dute. Hauek dira ekimenen ohiko sektoreak:

  1. Elikadura burujabetza
  2. Energia burujabetza
  3. Etxebizitza burujabetza
  4. Finantza burujabetza
  5. Kultura burujabetza
  6. Lanaren burujabetza
  7. Teknologia burujabetza
  8. Zaintza burujabetza

Euskal Herrian

Ekimenen mapa

Batura Euskal Herriko Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mapa da. Bertan bizitza erdigunean jartzen duten eta lurraldearen arazoei irtenbideak eskaintzen dizkioten ekimenak jasotzen dira. Ekonomia soziala herritarrei gerturatzea du helburu proiektuak. Proiektu eraldatzaileen erakusleiho izateaz gain, horien arteko saretze eta interkoperazioa sustatzea du helburu ekimenak.

Olatukoop

Ekonomia Sozial Eraldatzailean jarduten duten kooperatiba, enpresa komunitario, elkarte eta erakundeek osatzen duten sarea da. Proiektuaren helburuak dira kideen arteko elkartasuna, jendartearen ongizatea eta euren jarduera ekonomikoak ondare komunari ekarpena egitea.

KoopFabrika

ESE proiektuak sustatzeko eta sostengua emateko formazio iraunkorra da KoopFabrika. Bertan norbanakoak, enpresa eta erakundeak, zein elkarteak hartzen dute parte. Oro har, edonolako proiektu komunitario bat abian jarri nahi duen edota hau ekonomia sozialaren baitan kokatu nahi duten ekintzaileak biltzen ditu ekimenak. Programa 2017. urtean abiatu zen, eta dozenaka proiektu jaio dira bertatik.

Tokiko garapena eta ESE sistemak

Garapen ekonomikorako politika eta tokiko estrategiek eraldaketa handia bizi izan dute 1970eko hamarkadan bizitako krisiaz geroztik, goitik beherako estrategia zentralizatu eta bertikaletatik, toki bakoitzean existitzen ziren baldintza eta aukerak identifikatu, sustatu eta aktibatzean oinarritu diren behetik gorako estrategia deszentralizatuetarako aldaketa izan da.

Horrela, gobernu zentralek diseinatutako politika makroekonomikoak gauzatzean eta industrializazioa hauspotzea helburu zuten azpiegituretan oinarritzen ziren politikak nagusi izatetik, tokiko giza kapitala eta kapital soziala sustatu eta berrikuntza sozial, teknologiko eta produktiboa indartzen dituzten politikak jorratzera igaro dira, beti ere, nazioarteko kapital fluxuak erakartzeko eta nazioarteko merkatuetan kokatzeko helburuz. Ekonomia Sozial eta Eraldatzaileak azken hamarkadetan hazkundea izan duen arren, oraindik urriak dira eredu ekonomikoa hori oinarritzat hartu eta sistematizatu, antolatu eta lurraldearen matrize produktiboan nagusi bihurtzen saiatu diren lurralde garapenerako proposamenak.

2019an OlatuKoop-ek 15 neurri proposatu zituen udalerrietan Ekonomia Sozial Eraldatzailea lantzeko.

Erreferentziak

Ikus, gainera

  • Olatukoop
  • Ekonomia feminista
  • Kooperatibismo
  • Gizarte ekonomia
  • Ekonomia ekologikoa
Giuseppe Zanotti Luxury Sneakers

Kanpo estekak

  • Koopfabrika webgunea
  • Olatukoop webgunea
  • Batura webgunea

Text submitted to CC-BY-SA license. Source: Ekonomia Sozial Eraldatzaile by Wikipedia (Historical)



PEUGEOT 205