Aller au contenu principal

Baobab


Baobab


Baobab Adansonia generoko zuhaitz espezieen izen arrunta da. Adansonia Malvaceae familiako zuhaitz generoa da eta genero honen barnean zortzi espezie daude: sei Madagaskarrekoak, bat Afrika kontinentalekoa eta beste bat Australiakoa. Generoaren izenak Michel Adanson, A. digitata espeziea deskribatu zuen frantziar naturalista, omentzen du.

Landare baskularren artean bizialdi luzeenetakoa dute. Lore handiak ditu eta emankorrak dira 15 ordutan gehenez, ilunabarrean ireki eta hurrengo egunsentian desegiten dira. Fruituak ere handiak dira, obalatuak edo borobilak, eta giltzurrun itxurako haziak dituzte barnean.

Deskribapena

Bizialdi luzeko zuhaitz hostoerorkorra da. Espeziearen arabera tamaina desberdina du, badira 5 metroko altuera dutenak eta baita 30 metrotara iristen direnak ere. Espezie txikiena Adansonia gregorii da eta handienak Adansonia grandidieri eta Adansonia digitata dira, azken honen zurtoinak 10 metrotako diametroa har dezake.

Zurtoina eta adarrak

Zuhaitz gazteek zurtoin liraina izaten dute, helduek ordea botila itxurako enbor sendoak dituzte, zlindrikoak eta gainaldean zorroztu egiten dieran. Enborrak eguz zuntzez egindako eraztun kontzentrikoez osaturik daude, eraztun horiek ez dira urtero eratzen eta beraz ezin da eraztun kopurua erabili zuhaitzaren adina jakiteko. Diametroa prezipitazioen arabera handiagoa edo txikiagoa izaten da, izan ere ura pilatzen baitute zurtoinean.

Esezie batzuetan adarrak horizontaleak zabaltzen dira eta beste batzuetan gorantz jotzen dute. Adansonia rubrostipa espezieak arantzak izan ditzake.

Hostoak

Zuhaitz gazteek hosto sinpleak dituzte eta kimu berrietatik sortzen direnak ere horrelakoak dira. Zuhaitz helduek hosto konposatu palmatuak dituzte. Batetik besterako aldaketa graduala izaten da. Hosto konposatu hauek 5-11 hosto dituzte, luzeena erdikoa da. Epeziearen arabera ertz leunak edo horzkatuak dituzte eta ile geruza mehea izan dezakete edo biluziak izan.

Baobabak hostoerorkorrak dira eta sasoi lehorrean galtzen dituzte.

Loreak

Kimuetatik gertu ateratzen dira loreak. Peziolo txikia izaten dute orokorrean eta lore sinpleak bakarka ateratzen dir, batzutan bi ere atera ahal dira toki berean. Lore handiak eta deigarriak dira eta oso usaintsuak dira, izan ere gauez ateratzen baitira eta saguzarrek polinizatzen baitituzte. Ilunabarrean azkar irekitzen dira eta hurrengo goizean desegiten dira.

Bost petalo dituzte eta barnealdera fusionatu egiten dira hori bat eratuz. Sepaloak ere bost dira. Lorearen erdigunean estaminak fusionaturik hodi fin bat ateratzen da eta hari lotuta pistilo iletsu bat dago. Lore sortu berriak zuriak edo krema kolorekoak izaten dira eta kolore gorrietara aldatuz doaz gauak aurrera egin ahala eta lorea lehortu ahala.

Fruituak

Fruitua handia izaten da, obalatua edo borobila den baia bat izatez, eta 10 cm hartzen dute gehienez. Oskol lehorra dute, espezie gehienetan iridizentea da. Lurrera erortzean oskola hautsi egiten da.

Fruituaren barnean giltzurrun itxurako haziak daude pulpa lehor batean txertaturik. Hazi hauek 10-15 cm luze izaten dira.

Espezieak

Adansonia generoko zortzi espezie ezagutzen dira. Sei Madagaskarreko endemikoak dira, zazpigarrena Afrika kontinentean eta Arabiako penintsulan aurkitzen da eta zortzigarrena Australian.

Ekologia

Lehorteari aurre egiteko baobabek ura pilatzen dute zurtoinean, kasu batzuetan 120.000 litrotik gora ere bai. Sasoi lehorrean hostoak galtzen dituzte transpirazioa urik ez galtzeko. XXI. mendearen hasieran Afrikako baobabik zaharrenak hiltzen hasi ziren lehortea luzatu eta tenperaturak igotzearen ondorioz. Zuhaitzak deshidratatu egin ziren eta ez ziren gai izan haien enborraren pisuari eusteko.

Zuhaitzak urriak diren eremuetan hegaztiek baobaben adarrak baliatzen dituzte haien habiak ezartzeko.

Baobab aipagarriak

"Panke" baobaba (Zimbabwe) A. digitata espeziekoa da. 2011n hil zenean radiokarbono bidezko datazioak 2.450 urte zituela esan zuen. Dokumentaturiko angiospermo zaharrena da. Namibiako "Dorslandboom" eta Hegoafrikako "Glencoe" zuhaitzek ere 2.000 urtetik gora dutela uste da.

Madagaskar aldean "Grandmother" babobabak fusionaturiko hiru enbor ditu, zaharrenak 1.600 urte ditu. "Polygamous baobab" zuhaitzak sei enbor fusionatu ditu, baina gazteagoa da, 1.000 urte ingurukoa. Biak ala biak A. rubrostipa espeziekoak dira.

Azkenik Madagaskarreko toki ezagunenetako bat "Baobaben etorbidea" da. Menabe eskualdean kokaturik dago, Madagaskar mendebaldean, eta A. grandidieri zuhaitz erraldoiek marrazten duten bidea da.

Erabilera

A. digitata baobabaren fruitua birrindu egiten da eta lortzen den irin gisa erabiltzen da. Fruituaren pulpa ere jangarria da, Angolan egosi eta horrekin gelado de múcua izeneko izozkiak egiten dira. Europar Batasunak 2008an onartu zuen pulpa lehorraren inportazioa. Zimbabwen fruita freskoaren pulpa porridge eta edariak egiteko erabiltzen da eta Tanzanian azukre kanaberari gehitu eta garagardo berezia egiten dute.

Baobabaren hazietatik olio begetala ateratzen da hainbat espezietan.

Australiako jatorrizko biztanleek A. gregorii espeziearen sustraietako zuntzekin sokak egiten dituzte eta fruituekin apaingarriak.

Giuseppe Zanotti Luxury Sneakers

Iruditegia

Erreferentziak

Kanpo estekak

  • The Baobab's official website, Baobab (en)

Text submitted to CC-BY-SA license. Source: Baobab by Wikipedia (Historical)