Aller au contenu principal

Mariasun Landa


Mariasun Landa


Mariasun Landa Etxebeste (Errenteria, Gipuzkoa, 1949ko ekainaren 5a) euskal idazlea da.

Ezaguna da batik bat haurrentzat idatzitako ipuinak direla-eta, Galtzerdi suizida eta Krokodiloa ohe azpian izanik, besteak beste, ezagunenak. Arlo honetan, liburu ugari plazaratu ditu, bai eta hainbat sari lortu ere. Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren arloan lortu dituen sarien artean, 1991n Alex ipuinagatik jasotako Euskadi Saria eta 2003an Krokodiloa ohe azpian narrazioagatik eskuratutako Espainiako Haur eta Gazte Literaturaren Sari Nazionala dira aipagarrienak. 2014an, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzia Saria jaso zuen.
Mariasun Landaren lana hainbat hizkuntzatara itzulia izan da: gaztelania, katalana, galiziera, frantsesa, ingelesa, italiera, greziera, esloveniera, arabiera, koreera, etab. (IKUS Zerrenda:Mariasun Landaren lanak).

AELG galegoz idazten duten idazleen elkarteak 2020ko Idazle galego Unibertsala izendatu zuen Mariasun Landa, «haren obraren kalitate handiagatik eta Euskal Herriko hizkuntza, kultura eta duintasun nazionala defendatzeagatik». Ohorezko sari hori 2020ko maiatzaren 9an jaso zuen euskal idazleak, Santiagon, Liburu Galegoaren Galan.

Bizitza

Gizarte-langintza ikasketetan graduatu ondoren, Filosofia ikasketak egin zituen Parisen. Hauek amaitu ostean, 70. hamarkadan hain zuzen ere, Euskal Herrira itzuli zen euskalduntzera. Prozesu horretan bere helburuak lortzeko Zarauzko Ikastolara jo zuen. Han Anjel Lertxundirekin aurkitu zen eta orduan irakaskuntza munduan sartu zen. Hasieran ezkutuko lokal eta garajeetan ekin zion bere irakaskuntza ibilbideari eta garaiko euskarazko material eskasa zela eta, berak jardun zuen euskarazko materiala sortzen. Gerora, ikastoletako irakasleriaren kide egin zen, Eusko Jaurlaritzaren irakasleriaren euskalduntze programan irakasle lanari ekinez. Hortik EHUko Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan Literaturaren Didaktika irakastera igaro zen eta bertan eman ditu erretiroa hartu aurretiko bere irakasle ibilbidearen azken urteak.

Literatura ibilbidea

Bere argitalpen gehienak Haur eta Gazte Literaturakoak dira eta sortu dituen obra asko hainbat hizkuntzetara itzuli dira, hala nola, gaztelaniara, katalanera, ingelesera, frantsesera, alemanera eta grezierara. Gainera, bere libururik arrakastatsuenak askotan berrargitaratu dira. Gianni Rodari eta Nostlinger-en ildotik, Mariasun Landaren ipuinetako fantasiak errealitatean hartzen du oinarri. Elementu, leku edo gertakari soiletatik abiatuz, sentimendu sakon eta iradokitzailez jositako unibertso literarioa eraikitzen du egile honek.

Fantasiaren bidetik ekin zion literaturari Mariasun Landak. Ibilbide horren hasierako puntua egunerokotasuna hausten duen gertaera batean kokatzen da, 1982. urtean argitaratu zuen Amets uhina obran hain zuzen ere. Rodariren obren irakurketek eragin handia izan zuten Mariasun Landak fantasia lantzeko zuen moduan. Aurrerago, bigarren etapa batean, errealismo kritikoa deritzon generoa lantzeari ekin zion, eta horren adibide da Euskal Haur eta Gazte Literaturan oso garrantzitsutzat jotzen den eta Lizardi saria irabazi zuen Txan Fantasma (Elkar, 1984). Etapa berri hau hirurogeigarren hamarkadan Europan autoritatearen aurka izandako matxinaden mugimenduarekin lotu daiteke. Landaren poetika Ursula Wölfel, Maria Gripe, Peter Hartling edo Christine Nostlingerren mezuekin bat etorriko da.

Iholdi (Erein, 1988) obra izan zen idazle honen garapen literarioaren giltzarria. Sinple, zehatz eta iradokitzaileak diren 16 ipuin laburrez osaturik, obra honek estetika modernoago bat eman zion euskal literaturari, hitzaren zehaztasunarekiko irrika berezi bat argitara eman zuelarik. Harrezkero, obra honetatik sortuta Iholdi pertsonaiak beste hainbat obra eman zituen argitara, hala nola Amona, zure Iholdi (Erein, 2010) edota Marina (Elkar, 2003). Marijose Olaziregi irakasle eta kritikoak Mariasun Landaren aldi honetako lanari Katherine Mansfield obrarekiko eta Raymond Carver autorearekiko dituen antzekotasunak aitortzen dizkio.

Estiloa

Psikoliteraturaren kutsua nabari daiteke Mariasun Landaren poetika arloan. Katuak bakar-bakarrik sentitzen direnean edota Nire eskua zurean bezalako obretan protagonistek duten komunikazio falta atzeman daiteke. Lehen pertsonan mintzatzen diren pertsonaia hauen barneko sentimenduak adierazteko beharraz ase nahi da idazlea bera, lan bakoitza autobiografikotzat kontsidera daitekeelarik narrazioarako erabilitako memoria dela eta. Memoria horri esker, emakumeari debekatu zaion iragana eraikitzen du garaiko beste hainbat emakumezko idazleek bezala. Berriz ere errealitatea bizi, honetaz hausnartu eta hau zalantzan jartzen duten pertsonaiak izango dira nagusi. Intimitatea eta memoria izango dira garaiko errelitateaz zalantza egiten duten identitateak sortzen laguntzeko teknikak.

Gehiegikeriak ere badu esanahi berezirik idazle honen poetikan. Txan Fantasma liburuko maitasun falta duten armairuko jostailuak, Kleta biziklet liburuko askatasun eskubidearen aldarrikapenak biltzen dituen zoologiko bateko animaliak… bezalako obrak aurki daitezke adibide modura. Baina nonsense edo umore aldrebesaren generoaren adibiderik garbiena Galtzerdi suizida obra da, non bertako protagonista den galtzerdiaren suizidioa gehiegikeria, umore, ironia eta kritikaren arteko fusioaren eragilea den, abentura eta elementu magikoak gehituta; horrela, errealitateak iraultzen du hainbat ideia eta gertaera zentzugabekeriarekin erlazionatuz.

Bere hainbat obretan, animaliek sentimenduak adierazteko askatasun handia ematen diote idazle honi, hala nola, Iholdiren Zer egin beldurrak gaudenean” beldurra adierazteko apoaren funtzioa edota Krokodiloa ohe azpian obran antsietatea islatzeko krokodiloaren funtzioa…

Ipuin tradizionalak berreskuratzeko saiakerak ere egin izan ditu Marisunek. Horietako birsorkuntza batzuk Sorgina eta maisua (Anaya, 2000), Ahatetxoa eta sahats negartia (Erein, 1997) dira.

Idazle honek haurrentzako literaturaz gain, helduentzako literatura ere sortu du, hala nola Festa aldameneko gelan obra autobiografikoa eta Inurrien hiztegia mikroipuin bilduma.

Ilustratzaile onenekin elkarlanean osatu ditu bere lanak. Asun Balzola lagunak, esaterako, haren liburu asko ilustratu ditu.

Generoa

Mariasun Landa generoaren estereotipoak birplanteatzen ditu bere lanetan, rolen banaketa ez-sexistaren alde. Horretarako bere lanetan Emakumea protagonista da ( haurra zein heldua), bere izen propioan hitz egiten du eta rol aktiboak hartzen ditu. Bere emakume protagonistak ausartak, autonomoak, abenturazaleak, sentikorrak ( baina ez txepelak edo ahulak). Honen adibidea lan literario hauek, besteak beste:

  • Mikaela detektibea
  • Azken bidaia, neska bat Tom Sawyer-en aztarnen jarraitzailea
  • Bart gaueko bilera ipuina
  • Elixabete lehoi domatzailea
  • Partxela (Mary Poopins klasikoaren euskaldun bertsioa)
  • Aitonaren txalupa
  • Iholdi
  • Alex

Ama ausartak :

  • Cuando los gatos se sienten tan solos
  • Nire eskua zurean

Batzutan ere animaliak protagonista dira (Galtzerdi suizida, Arkakusoa)

Lanak

1982an bere lehen liburua argitaratu zuenetik, asko dira Mariasun Landak idatzitako liburuak, gehienak Haur eta Gazte Literaturan. Landaren lana hainbat hizkuntzatara itzulia izan da: gaztelania, katalana, galiziera, frantsesa, ingelesa, italiera, greziera, esloveniera, arabiera, koreera, etab.

Hona hemen egileak azken urteotan argitaratu dituen zenbait lan:

  • Elefante txori-bihotza (2001, Anaya)
  • Galtzerdi suizida (2001, Elkarlanean)
  • Krokodiloa ohe azpian (2002, Alberdania), (2016, Erein)
  • Haginak eta hilobiak (2005, Erein)
  • Aitonaren txalupan (2011, A Fortiori)
  • Maitagarria eta desioa (2012, Elkar)
  • Marikanta eta inurriak (2012, Erein)
  • Inurrien hiztegia (2013, Pamiela)
  • Elsa eta paradisua (2015, Edebé)
  • Azken balada (2016, Erein)
  • Txikiaren handitasuna literaturan (2018)

Sariak eta errekonozimenduak

  • 1982an Lizardi Saria, Txan Fantasma lanagatik.
  • 1991n, Euskadi Saria, Alex lanagatik.
  • 1992an IBBYren Ohorezko zerrenda, Iholdi (Mariasun Landa) obrarekin.
  • 2001az geroztik Municheko Nazioarteko Haur eta Gazte Liburutegi famatuaren White Raven (Zozo zuria) zerrendan dago Elefante txori-bihotza liburuagatik.
  • 2003an Espainiako Haur eta Gazte Literaturaren Sari Nazionala, Krokodiloa ohe azpian lanagatik.
  • 2004 urtean, Donostiako Udalak emandako Hiritar Merezimenduzko Domina eta Errenteria Hiriko Domina lortu zituen.
  • 2008ko Hans Christian Andersen Saria irabazteko hautagaia izan da.(Haur eta Gazte Literaturako Nobel Saria).
  • 2007an Jakiunde elkarteko kide izendatu zuten.
  • 2011n Dabilen Elea saria jaso zuen Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE) eta Galtzagorri Elkartearen eskutik.
  • 2014an Eusko Ikaskuntzaren Kultura, Arte eta Giza Zientzien Saria.
  • 2016an: Rosalia de Castro Pen Saria:
  • 2017an Josepi dendaria obran egiten duen denda txikien goraipamenagatik, Manises herrira gonbidatu (Valentzia) zuen bertako Merkatari Elkarteak.
  • AELG galegoz idazten duten idazleen elkarteak 2020ko Idazle galego Unibertsala izendatu zuen
  • 2010 urtean, Errenteriako udalak, idazlea jaiotako herriarena, bere izena daraman idazlanen saria sortu zuen, Mariasun Landa Sariak. Sari horien helburua da gizarteko arlo desberdinetan emakumeek Errenteriari egindako ekarpenaren berri ematea, herri-kronika osatzearekin batera. Urtero abiatzen da.
  • 2023ko Emakunde Saria, sormenaren bitartez berdintasunari eta «emakumen eta nesken duintasunari» egindako ekarpenagatik. Epaimahaiak aho batez hartutako erabakia.
  • 2024an BBK Gutun Zuria Bilbao saria, ohorezko makil jaso zuen.

Erreferentziak

Collection James Bond 007

Ikus, gainera

  • Gipuzkoako idazleak
  • Errenteriar ezagunen zerrenda

Kanpo estekak

  • Mariasun Landaren webgunea
  • Mariasun Landa literaturaren zubitegian
  • Elkarrizketa Argia astekarian

Text submitted to CC-BY-SA license. Source: Mariasun Landa by Wikipedia (Historical)