Aller au contenu principal

Leonid Kutxma


Leonid Kutxma


Leonid Danilovitx Kutxma (ukraineraz: Леонід Данилович Кучма; Txaikyne, Txernihiveko oblasta, Ukrainako SES, SESB, gaur egun Ukraina, 1938ko abuztuaren 9a) ukrainar politikaria da. 1994ko uztailaren 19tik 2005eko urtarrilaren 23ra Ukrainako presidentea izan zen.

Bizitza

Nekazari-familia batean hazi zen. Ingeniaritza mekanikoa ikasi zuen, eta gero eskolak eman zituen Dniepropetrovskeko unibertsitatean. Baikonurko (Kazakhstan) kosmodromoko zuzendari tekniko gisa lan egin zuen. Postu horretan 120 suziri nuklearren jaurtiketa gainbegiratu behar izan zuen, eta horrek tiroideetako gaitza eragin zion. Denboraldi bat Kieveko erietxean igaro ondoren, 1986an munduko kontinentearteko koheteen fabrika handienaren zuzendari izendatu zuten, Dnieptopetrovsken, Ukraina erdian.

1992an, Leonid Kravtxuk lehendakariak Ukrainako lehen ministro kargurako hautagai izendatu zuen. Handik gutxira lehen ministro Vitold Fokinek dimisioa eman zuen, erreforma ekonomikoari ez ekiteaz salatzen zuten nazionalisten presioen ondorioz, eta Kutxmak hartu zuen haren kargua. Hala ere, lehendakariarekin zituen desadostasunak behartuta, 1993ko irailean dimisioa eman zuen. Pixka bat lehenago, Ukraina post-sobietarraren lehenengo legebiltzarrerako hauteskundeetan diputatu hautatu zuten.

1994ko presidentetzarako hauteskunde aurreratuetan lehendakari hautatu zuten. Errusiarekin eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko gainerako errepublikekin harremanak estutzearen aldekoa zen; aurreko lehendakariak, Kravtxukek, egin ez zuen erreforma ekonomikoari ekin zion, eta 1994ko azaroaren 1ean prezioen liberalizazioa agindu zuen, eta hilaren 12an lurraren pribatizazioa aldarrikatu zuen. Abenduan Arma Nuklearren Ez Ugaritze Hitzarmena izenpetu zuen, eta hala, Ukrainak -munduko armategi atomiko handiena zuen herrialdea, Estatu Batuen eta Errusiaren ondoren-, uko egin zion botere nuklear izateari. 2004. urtera arte egon zen agintean.

Erreferentziak

Kanpo estekak


Text submitted to CC-BY-SA license. Source: Leonid Kutxma by Wikipedia (Historical)