Aller au contenu principal

2004ko martxoaren 11ko atentatuak


2004ko martxoaren 11ko atentatuak


2004ko martxoaren 11ko atentatuak —euskaraz M-11 izenaz ere ezagunak (11-M gaztelaniaz)— Madrilgo aldirikoen tren sareko 4 trenetan komando islamista batek egindako eraso terroristak izan ziren, Espainia eta Europako historia osoko handienak. Goizeko zortzietan ia aldi bereko 10 lehergailuk eztanda egin zuten lau trenetan. 192 lagun hil eta 2.000 inguru zauriturik suertatu ziren. Beranduago, poliziak lehertu ez ziren beste bi bonba kontrolpean lehertu zituen, eta hirugarren bat indargabetu zuen. Azken horri esker, errudunen lehen zantzuak aurkitu ziren. Aste batzuen ostean, poliziak Leganésen aurkitu zuen komando islamista. Ezkutatzen zituen etxebizitza eztandarazita, komando islamistako kide guztiak eta GEO polizia bat hil ziren.

Lehen orduetako zirrara Espainia eta Europa osoko hedabideetara zabaldu zen. Espainiako hauteskunde orokorretarako hiru egun falta ziren, eta tentsioa handia zen. Hasieratik, Espainiako gobernuko agintariek, Jose Maria Aznar buru zutela, ETAri egotzi zizkioten erasoak, eta ideia hori zabaltzeko ekimenak hartu zituzten, tartean zela bertsio hori zabaltzeko Espainiako enbaxadoreei eta hedabideei deitzea. Nazio Batuen Erakundeak, informazio horien ondorioz, eraso terrorista eta ETA gaitzesteko adierazpena onartu zuen.

Orduak eta egunak aurrera joan ahala, baina, agertzen ziren zantzuek beste noranzko bat erakusten zuten, baina gobernuak lehengoari eutsi zion hipotesi nagusi gisa. Herritarrak kalera atera ziren trumilka terrorismoaren kontra eta gobernuaren jarrera salatzera, gobernua erasook hauteskundeetan irabazpidea izateko erabiltzen ari zelakoan. Tentsio horren erdian, bi pertsona hil ziren Euskal Herrian polizien erasoen ondorioz. Alderdi Popularrak kritika gogorrak jaso zituen geroztik bere jarrera kontraesankorragatik. Espainiako Auzitegi Nazionalak, epaiketan, hainbat islamdar terroristari egotzi zien atentatuen egiletza.

Atentatuen deskribapena

Laburpena

Atentatua lau tren desberdinetan gertatu zen, goizeko ordu jendetsuenean (07:36-07:40an). Lau tren horietan, lehergailu kopuru handiko hamar motxilak eta poltsak eztanda egin zuten. Eztandako arrastoak analizatuta, zientzialariek jakin zuten dinamita erako lehergailuak zirela, eta eztanda egin ez zuen eta Renault Kangoo autoko arrastoak analizatuta, jakin zuten, halaber, lehergailua Goma-2 ECOz osatzen zela.

Eztandak Atochako geltokian, Pozo del Tio Raimundo geltokian, Santa Eugenian, eta Tellez kalearen parean, Atochako norabidean, gertatu ziren. Atochan hiru eztanda izan ziren, Raimundon bi, Santa Eugenian bakarra eta Tellez kalearen pareko trenbidean lau. Raimundon, leherrarazi ez zen beste lehergailu bat aurkitu zen, 500 gramo Goma-2 ECOzkoa, telefono mugikor bidez leherrarazteko prestatua.

Kronologia

  • 07:37. Atochako geltokiko 2. trenbidean, hiru lehergailuk eztanda egin zuten une desberdinetan, bertan pausaturik zegoen aldiriko tren batean.
  • 07:38. El Pozo del Tío Raimundo geltokiko tren batean, 2 lehergailuk eztanda egin zuten.
  • 07:38. Santa Eugenia geltokiko 21713 trenean, lehergailu batek eztanda egin zuen.
  • 07:39. Téllez kalearen paretik zihoan tren batean, lau lehergailuk eztanda egin zuten segundo gutxiren buruan, Atochako geltokitik 500 metrora.
  • 07:36. Santa Eugenia geltokitik, lehen deia egin zen 112 telefonora.
  • 07:59. Lehen zaurituak Madrilgo Erkidegoko ospitaleetara iristen hasi ziren.
  • 09:25. Madrilgo Erkidegoko Osasuneko sailburuak deia egin zien herritarrei atentatuetan zaurituentzako odola emateko.

Heriotzak

Zauritutakoak Madrilgo Erkidegoko hainbat ospitaleetara eraman zituzten. Horrenbeste zauritu zeuden, Madrilgo Udalak kanpaina-ospitale bat jarri behar izan zuen martxan Daoíz y Velarde kirolgunean, Téllez kaletik gertu.

17 herrialdeetako hildakoak zeuden, gehienak espainiarrak, 142 hain zuzen ere. Espainiako atentaturik larriena izan zen, ETAk Bartzelonan gauzatutako Hipercorreko atentatuko 21 hildakoen kopurua erraztasunez gaindituz. 1988ko Lockerbieko atentatuaz gain, Europako historiako atentaturik handiena izan zen hildako eta zauritutako kopuruari dagokionez. Hildako pertsonen zenbaketa ofiziala, 2004ko martxoaren 23an, 191 pertsonakoa izan zen eta zaurituen kopurua 2.050 pertsonakoa izan zen.

Poliziaren ekintza

Espainiako Polizia Nazionalak, Leganésen identifikatu zuen etxebizitza bat, eraso terroristen plangintza egiteko erabilia. Apirilaren 3an, larunbata, poliziek etxea inguratu zuten eta sartzera zihoazenean 3 terroristek beren buruaz beste egin zuten hainbat lehergailu erabiliz. Hiru terroristez gain, polizia bat hilik suertatu zen.

Ikertzaileen arabera Leganésko pisuan erabilitako lehergailuak tren-sarearen aurka egindako erasoen lehergailuen material berdinez osatuta zeuden.

Atentatuen egiletza

Egiletzari buruzko ondorioak

Espainiako Justiziaren arabera, marokoar talde bat, siriar eta aljeriar islamdarrak, 2 guardia zibil eta poliziaren konfidente bat izan ziren atentatuak egin zituzten ustezko erasotzaileak. 2006ko apirilaren 11n, Juan del Olmo epaileak 29 pertsonaren aurkako salaketak jarri zituen atentatuetan parte hartzeagatik.

Al Kaidaren zuzeneko parte-hartzea ez da oraindik frogatu, nahiz eta erasoen egunean Al Kaidako talde batek atentatua bere gain hartu zuen. Hala ere, Ameriketako Estatu Batuen arabera talde horrek "ez zuen fidagarritasunik". 2007ko abuztuan, Al Kaidak "harro" zegoela adierazi zuen Madrilgo atentatuengatik.

Atentatua ETAri leporatua

Egiletzaren inguruko gobernu-ordezkarien informazioak izan ziren erasootan harridura eta asaldura handiena piztutako alderdietako bat, lazgarritasunarekin batera. Erasoa gertatu eta hurrengo 72 orduetan, Espainiako gobernuko ordezkariek, Jose Maria Aznar ere tartean, irmo baieztatu zuten ETA izan zela erasoen egile, zantzuek ordurako besterik zioten arren: talde islamista bat izan zela. Are, Angel Acebes ministroak ETAren egiletzaz "inongo dudarik ez dago[ela]" adierazi zuen bere lehen agerraldian; besterik ziotenei 'doilorrak' ("miserables") deitu zien, Espainiako hauteskunde orokorretatik hiru egunetara.

Espainiako Gobernuak ahal zuena egin zuen atentatua ETAri leporatzeko. Bi hamarkada geroago agertu informazioek agerian utzi dute estatuko aparatuek ia hasieratik zekitela ez zela ETA atentatuen egilea. Guardia Zibila bi etakideri entzuketak egiten ari zen atentatuen goizean bertan, eta 9:00etan elkarren arteko hizketan aipatu zuten "moroak" izango zirela autoreak. Hogei urte geroago, Jesús de la Morena M-11ko Espainiako poliziako informazioaren komisario nagusiak TVEri ezkutuan egin elkarrizketan, adierazi zuen atentatuen eguneko ilunabarrean ETA jada ez zela egiletzaren hipotesi nagusia.

Aznar espainiar presidenteak berberak hedabideetara deitu zuen, zantzuak edozein zirela ere, «egilea ETA» zela nabarmentzeko. Enbaxadoreei ere deitu zien, ETA izan zela errepika zezaten eta «zalantza interesatuak» baztertzeko. El País egunkariak «Matanza de ETA en Madrid» ('ETAren sarraskia Madrilen') titulua erabili zuen arratsalde hartan. ETAren ukapen mezua eta Al-Qaedak atentatua bere gain hartu izana —martxoaren 12an adierazi zuten hori, bideo batekin— ez ziren nahikoa izan. Atentatuetatik 24 ordura, TVE Espainiako telebista publikoak elkarrizketak egin zizkion George Bush AEBko presidenteari eta Laura haren emazteari, Etxe Zuriak hala eskatuta eta Lorenzo Milà espainiar kazetariak gidatuta. Elkarrizketa horretan, ordea, amerikar presidenteak ez zuen ETAz hitz egin, eta bai aditzera eman talde islamdarrek egin zituztela atentatuak. Elkarrizketa ez zen heldu osorik ematera.

Gobernuaren eta PPren adierazpen horiek domino efektua eragin zuten. PSOEko idazkari nagusi Jose Luis Rodriguez Zapaterok «ETAk inoiz egindako atentaturik izugarriena» izan zela adierazi zuen. Orduko Eusko Jaurlaritzako Juan Jose Ibarretxe lehendakariak ETA seinalatu zuen egile bezala, ETAk Gara egunkarian argitaratutako ohar batean atentatuen egiletza bitan ukatu bazuen ere. Batasunako Mahai Nazionaleko eledun Arnaldo Otegik jada martxoaren 11ko goizeko 10:30ean adierazi zuen: «Ezker abertzaleak ez du hipotesi bezala ere aztertzen ETA gaur Madrilen gertatutakoaren atzean egotea». Martxoaren 12an, Gara egunkariarekin batera, gaueko berrietan Julio Ibarra Teleberriko aurkezleak zabaldu zuen atentatuari buruzko ETAren deiaren berri, euskal erakunde armatuaren egiletza ukatzen zuena. Berri horiek Espainian zabaltzen hasi ziren, eta Ibarrak etsaigo handia bizi izan zuen bere larruan, irainak eta hiltzeko arriskua ere, gutxienez Guardia Zibileko kide baten partaidetzaz, ustez.

Azpijokoaren teoria

Alderdi Popularreko (PP) sektore batzuek, hala nola komunikabide batzuek, esaterako El Mundo egunkariaren eta COPE irrati elizkoiaren arabera, erasoa "azpijoko bat" izan zen orduko gobernua boteretik kentzeko. Terrorismoaren Biktimen Elkarteak ere azpijokoa egon zela argudiatu zuen. Teoria horrek zioenez, ETAk, segurtasun indarretako kideek eta Marokoko isilpeko zerbitzuek atentatuetan parte hartu zuten. PP alderdiko Zaplanak adierazi zuenez, "PSOE beldur da egia ez ote den aterako".

Epaia

Atentatuen inguruko ikerketak Espainiako Auzitegi Nazionalak egin zituen. Epaia 2007ko otsailaren 15 eta 2007ko uztailaren 2 artean egin zen. 2007ko urriaren 31an, azken epaia eman zen, eta atentatuek 191 hildako eta 2.050 zauritu eragin zituela frogatu zen. Atentatuak zelula jihadista batek egin zituen, hainbat kidek osatuak, eta Leganésko pisuan beren buruaz beste egin zuten. 11 akusatu izan ziren guztira, denak islamdarrak, José Emilio Suárez Trashorras espainiarra izan ezik. Jamal Zougam eta Othman el Gnaoui izan ziren zelula terroristaren buru, eta 42.922 eta 42.924 urteko kartzela-zigorrak ezarri zitzaizkien, hurrenez hurren.

Atentatuei buruzko erreakzioak

Euskal Herrian

Euskal hiriei dagokienez, Bilbon 300.000, Iruñean 125.000 eta Gasteizen 90.000 pertsona manifestazioetara gehitu ziren[erreferentzia behar]. Espainiako telebista kate guztiek[erreferentzia behar] xingola beltza jarri zuten pantailaren goialdean eta egun osoan zehar atentatuei buruzko albistegiez hornitzen zuten programazioa.

Erasoen egilea ETA zelako Espainiako Gobernuaren mezuak zirela eta, gai horrek asaldura eragin zuen gizartean. Iruñean, polizia batek eta haren semeak tiroz hil zuten Angel Berrueta, dendari bat, atentatuen egilea ETA izan zela zioen poster bat jartzera behartzen saiatu ondoren. Hala ere, artean ez da Berrueta motibazio politikoko biktimatzat hartu. Hilketaren kontrako manifestazio bateko Ertzaintzaren karga batean Kontxi Sanchiz hil zen bihotzekoak jota Hernanin.

Espainian

Atentatuak gaitzesteko Espainian osoan ia 11.000.000 herritar baino gehiago kalera irten ziren manifestaldietara. Madrilen inoizko manifestazio handiena egin zen, "Con las víctimas, con la Constitución y contra el terrorismo" goiburupean; oihuen artean, "nor izan da?" entzun zen hainbatetan. Bartzelonan, tentsio uneak izan ziren PP alderdiko ordezkariekin. Biharamunean, ehun milaka atera ziren kalera Madrilen manifestaziorako, bertan Espainiako agintariak zeudela. ETAren kontrako eta Espainiako batasunaren aldeko oihuen artean ("¡España, unida, jamás será vencida!"), Madrilen agintarien kontrako txistuak eta oihuak ere entzun ziren, nahasmen handiaren erdian. Lehenago inoiz ez bezala, mobilizazioan rol garrantzitsua jokatu zuten bitarteko digitalek, hedabideen mezuekin lehiatu zirenak, aldi berean deialdiak eginez, Madrilgo PPren egoitzaren aurrean, adibidez.

Nazioartean

Atentatuen ondoren, Frantziak segurtasun nazionaleko plana maila laranjara igo zuen. Italiako Gobernuak alerta goreneko egoera ezarri zuen. Atenasen ere segurtasuna indartu zen tren-sarean eta Espainiako enbaxadan. Atentatuak nazioartean gaitzetsiak izan ziren. George W. Bush presidente estatubatuarrak, Elisabet II.a erregina ingelesak, Romano Prodi orduko Europar Batasuneko presidenteak, Joan Paulo II.a Aita Santuak, Nazio Batuen Erakundeak eta beste askok atentatuak gaitzetsi eta salatu zituzten. Izan ere, Espainiako Gobernuaren presiopean, Segurtasun Kontseilua berehala bildu zen eta esplizituki aipatu zen ETAren egiletza; hala presa hori nola atentatuen egileak aipatzea oso ezohikoak dira NBEren ebazpen batean.

Hala ere, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan, Alemaniak eta Errusiak beren atsekabea adierazi zuten zehazki atentatuak ETAri egotzi izanagatik, eta Inocencio Arias NBEko Espainiaren mandatariak onartu zuen komando islamdarrek egin zutela erasoa; argudiatu zuen gobernu horrek "irmo sinetsi zuela ETA izan" zela. Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak ezin du akta bat aldatu behin sinatu eta gero eta, beraz, horrela geratu da eta horrela dago bere interneteko orrietan. 2004ko martxoaren 15ean, Europa mailako 3 minutuko isilunea egin zen eguerdian.

Erreferentziak

Ikus, gainera

  • 2001eko irailaren 11ko atentatuak
  • Euskal gatazka
  • Fake news

Kanpo estekak

  • Atentatuen egiletzaren epaiari buruzko atal berezia - El País
  • Auzitegi Nazionalaren sententzia Justizia Ministerioaren webgunean
  • Atentatuen albistea BBCn

Text submitted to CC-BY-SA license. Source: 2004ko martxoaren 11ko atentatuak by Wikipedia (Historical)


ghbass