Aller au contenu principal

Koldo Zuazo


Koldo Zuazo


Koldo Karlos Zuazo Zelaieta (Eibar, Gipuzkoa, 1956ko urriaren 20a) hizkuntzalaria da, EHUko irakaslea (Dialektologia eta Euskararen Soziolinguistika arloetan) eta euskaltzain urgazlea. Euskalkiak ikertzen nabarmendu da; gaur egungo euskalkien sailkapena eta mapa (1998koa lehena, geroztik hainbat aldiz berritua) lan horren emaitzak dira, Louis Lucien Bonaparterenaz (1863) geroztik eginiko lehen berrikuspen handia. Euskara batuaren alde ere lan egin du eta, bereziki, euskalkien altxorra jasoko lukeen euskara batuaren ereduaren alde. Hartara, euskara batu estandarraren barruan "tokiko batuak" sortzearen aldekoa da.

Euskalkien sorrera

Euskalkien sorlekuak

Euskalkien (eta, oro har, euskal hizkuntzako berrikuntzen) sei sorgune aipatu ditu, ia denak hiri girokoak (eta ez artzain gizartekoak):

a) Iruñea.

b) Gasteiz.

c) Bizkaiko erdigunea (Durango-Zornotza-Gernika-Bermeo ardatza).

d) Gipuzkoako Beterri eskualdea (Donostia-Hernani-Andoain-Tolosa ardatza).

e) Lapurdiko itsasbazterra.

f) Ekialdeko sorlekua ez omen dago argi zein izan ote zen: Zuazok ez du Bearno edo Huesca izatea baztertzen.

Euskalkien kronologia

Mitxelenak bezala, euskalki guztiak erromatarren garaiaz geroztikoak direla frogatutzat du: besteak beste, latinetiko maileguek euskalki guztietan bilakaera bera izan dute.

Iruñea bide da euskarako berrikuntzen lehenengo sorgunea. Mendebaleko euskalkia (Araba, Bizkaia, Deba ibarra) eta ekialdekoa (Zuberoa, Erronkari, Zaraitzu) gainerakoetatik bereizten lehenak izan ziren.

Mendebaleko euskara

Iraultzailea izan da Zuazok mendebaleko euskararen jatorriari buruz plazaratutako teoria: haren esanetan, mendebaleko euskalkiaren sorlekua segur aski Araba izan zen eta, zehazkiago, Gasteiz. Horren frogatzat, Bizkaiko, Nafarroa Garaiaren sartaldeko, Deba ibarreko eta Goierriko euskarek batera dituzten ezaugarriak aipatu ditu.

Euskalkien mapa

Euskalkiei buruzko bere ikerketak 1998an modu grafikoan mapa koloretsu batean islatu zituen, «Euskalkiak, gaur» izenburuko artikuluaren bukaeran. Andoni Elordui marrazkilaria arduratu zen Zuazok buruan zeukan euskalkien mapa paperean jartzeaz eta geroztik lan hori «Koldo Zuazoren euskalkien mapa» izenaz ezaguna da. Gerora, 2014an, maparen bertsio eguneratua atera zuen Zuazok, aldaketa zenbaitekin.

Argitalpenak

Webgunea

Koldo Zuazok sortutako Euskalkiak webgunean, gaur egungo euskararen gaineko argibideak ematen dira: euskara batua, tokiko estandarrak, euskalkiak, hizkerak... Argibide teorikoez gainera, ikus-entzunezkoak ere eskura daude, 2015ean abian jarria, Euskal Herriko Unibertsitatearen babesean.

Ikerlanak

  • Euskararen batasuna. Euskaltzaindia, 1988.
  • Euskararen sendabelarrak. Alberdania, 2000.
  • Euskalkiak. Herriaren lekukoak, Elkar, 2003.
  • Euskara batua: ezina ekinez egina. Elkar, 2005.
  • Deba ibarreko euskara. Dialektologia eta tokiko batua. Badihardugu, 2006.
  • Euskalkiak. Euskararen dialektoak. Elkar, 2008. (Ingelesez: The Dialects of Basque. Center for Basque Studies - University of Nevada, Reno, 2013).
  • Sakanako euskara. Burundako hizkera. Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaindia, 2010.
  • El euskera y sus dialectos. Alberdania, 2010.
  • Arabako euskara. Elkar, 2012. (Gaztelaniaz: El euskera de Álava. Arabako Foru Aldundia, 2013).
  • Mailopeko euskara. UPV/EHU, 2013.
  • Euskalkiak. Elkar, 2014.
  • Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskara. UPV/EHU, 2016. (Urtzi Goitirekin elkarlanean).
  • Mendebaleko euskara. Elkar, 2017.
  • Sarako euskara. UPV/EHU, 2018.
  • Baigorri eta Ortzaize ibarretako euskara UPV/EHU, 2021.

Fikzioa

Neure buruaren alde (eleberria). Alberdania, 2011.

Erreferentziak

Kanpo estekak

  • Koldo Zuazo (2015): Euskalkiak.eus webgunea.

Text submitted to CC-BY-SA license. Source: Koldo Zuazo by Wikipedia (Historical)


ghbass