Aller au contenu principal

Oria


Oria


Oria Gipuzkoako ibai garrantzitsuena da, bai luzeragatik, bai emariagatik. Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldeko haran batzuek ere Oriara isurtzen dituzte urak (Leitzaran eta Araxes ibaiadarren goi ibilguak). Lizarrate inguruan sortzen den tokitik Orion itsasoratzen den guneraino, 82,65 kilometro luze da, eta haren ibaiadar nagusiak Agauntza, Amezketa, Araxes, Zelai, Urtsuaran, Asteasu eta Leitzaran dira. Gipuzkoako arro handieneko ibaia dugu, halaber; 54 udalerri hartzen ditu barne —Zarautz eta Getaria ere kontuan hartuz—, guztira 158.000 biztanle ingururekin (2008).

Araba eta Gipuzkoako Partzuergo Nagusiaren lurretan sortzen da, Zegamako mugan, Lizarratetik hurbil. Gero, Segura, Olaberria, Beasain, Ordizia, Itsasondo, Legorreta, Ikaztegieta, Alegia, Tolosa, Anoeta, Irura, Villabona, Zizurkil, Aduna, Andoain, Lasarte-Oria eta Usurbil zeharkaturik, Orioren eta Aiaren artean itsasoratzen da.

Oriako itsasadarrean –Usurbil, Aia eta Orio artean— balio ekologiko handiko padurak eta ibarrak daude. Halaber, Oria Garaia interesgarria da ekologiaren ikuspuntutik. Biak Natura 2000 sarearen barruan daude. Ibaiak oso baliagarriak ziren lehengo garaietan garraiorako. IV. mendean Chronographus anni 354 idazlanak azaltzen duenez, Oria egungo Usurbileraino zen nabigagarria ibaian gora.

Ibaiaren kutsadura

Kutsadura handia nozitu duen ibaia da, hondakin urak araztu gabe isuri izan dituen —eta, batzuetan, oraindik ere isurtzen dituen— industria ugari baitu aldamenean, bereziki papergintzako industria. Alabaina, azken urteetan Oria oneratzen ari da, pixkanaka bada ere, araztegiak jartzearen eta fabrika zikinenetako asko itxi izanaren ondorioz.

2009ko martxoan, Euskal Autonomia Erkidegoko sei ibairen kutsadura mailak Europar Batasunak ezarritakoak baino altuagoak zirela jakinarazi zen Uraren Esparru Zuzentarauaren bitartez. Ibai hauek ziren: Oria, Deba, Cadagua, Nerbioi, Ibaizabal eta Zadorra. Horien uretan, legeak araututakoa baino kopuru handiagoan zeuden kromoa, butilestanioa, lindanoa, kuprea, zianuroa eta merkurioa.

Egoera horren kausa dira, besteak beste, ibai ertzeetako industria jarduerak, arazketarik eza eta nekazarien isurketak. Hala ere, Euskadiko Ur Agentziak (URA) esan zuenez, arazoa ez zen ibaiak zikinago zeudela, baizik eta Europar Batasunak legeak gogortu zituela.

Gainera, Administrazio publikoek oraindik ere ez dituzte betetzen Europar Batasunaren 91/271 Zuzentaraua (1991. urtekoa) eta hura betearazteko Espainiako 11/1995 Errege Dekretua (1995. urtekoa). Hiriguneetako hondakin urak tratatzeari buruzko bi lege horietan zehaztuta dago hondakin ur guzti-guztiak bildu eta araztu egin behar zirela 2006ko urtarrilaren 1erako. Oria ibaian, ondoan industria jarduera handia duten Gipuzkoako beste ibai batzuetan bezala, oso atzeratuta doaz hondakin ur guztiak arazteko lanak.

Ibaiadar nagusiak

  • Leitzaran ibaia
  • Asteasu ibaia
  • Berastegi ibaia
  • Araxes ibaia
  • Amezketa ibaia
  • Amundarain ibaia
  • Agauntza ibaia
  • Eztanda ibaia

Bide berdeak

Ibaiaren ibilbidean hainbat zatitan ibaiaren parean bizikletaz edo oinez ibil daiteke trafiko motordunetik bereizita, espazio irekietan. Bide berde moduan ikus daitezke.

  • Andoain-Tolosa-Beasain-Segura-Zegama (30,4 km)
  • Leitzaran ibaia: Plazaolako bide berdea
  • Eztanda erreka: Beasain-Ormaiztegi (5,4 km)
  • Mutiloa-Ormaiztegi Bide Berdea (6,4 km)

Espainian baina, izen horrek formalki "trenbide trazatu zaharretan zehar doazen ibilbideak" adierazten ditu. Vía verde Fundación de los Ferrocarriles Españoles izenekoak Patente eta Marken Espainiar Bulegoan 1994an erregistratutako marka bat dela. Legearen indarrez, horren erabilera trenbide azpiegitura zaharretan barrena doazen ibilbideetara dago mugatuta. Frantzian aldiz Voie verte bizikleta-zidorraren parekoa da: oinezko eta zikloetarako bidea, trafiko motordunetik bereizia, espazio ireki, parke, lorategi edo basoetan zehar doana.[3] Andoain-Zegama eta Beasain-Ormaiztegi zatietan ez zen inoiz trenbiderik ibili, baina bide berdeak direla esan dezakegu, adiera zabalean.

Euskal kultura eta euskara

Benito Lertxundik, 1974an argitaratutako Oro laño mee batek... diskoan, Oria ibaia izeneko abestia sartu zuen.

Oria ibaiak zeharkatzen dituen udalerrietan euskara aldetik eragina du, ibai horren goi eta behe ibarrek gipuzkera euskalkiaren bi azpieuskalki edo hizkera banatzen baititu:

  • Goierriko hizkera Oria ibaiaren goi ibarrean mintzatzen da: iturburutik (Oria ibaia Aizkorrin Zegama eta Altsasuren lursailetako mugan hasten baita) Legorreta udalerriraino mintzatzen da, hots, Goierri edo Goialdeko Herria.
  • Beterriko hizkera ibaiaren behe ibarrean mintzatzen da: Ikaztegietatik hasi eta bokaleko Orio udalerriraino, hots, Beterri edo Behealdeko Herria.

Erreferentziak


Collection James Bond 007

Kanpo estekak


Text submitted to CC-BY-SA license. Source: Oria by Wikipedia (Historical)


INVESTIGATION