Aller au contenu principal

Ispaster


Ispaster


Ispaster Bizkaiko ipar-ekialdeko kostaldeko udalerri euskalduna da, Lea-Artibaiko eskualdekoa. 719 biztanle zituen 2016. urtean.

Geografia

Ingurune naturala

Kostaldean, herriak Ogella hondartza dauka itsasoarekin muga. Hondartza harriz osaturik dago baina batzuetan itsasoak harea biltzen du bertan. Ez du itsasorako sarrera erosorik, hala ere, depresio karstiko baten kokaturiko lur emankorrak ditu, nekazaritzarako aproposak. Bereizgarri geologiko horren ondorioz, udalerriaren hegoaldeko paisaia, muinoz, kobaz eta trokaz osaturik dago.

Otoio (396 metro) eta Arterreta (251 metro) dira herriko tontorrik aipagarrienak.

Udalerri mugakideak

  • Nabarniz, Gizaburuaga eta Amoroto hegoaldean
  • Lekeitio eta Mendexa ekialdean
  • Ea mendebaldean

Iparraldean Kantauri Itsasoa du udalerriak.

Auzoak

Elexalde, Ispasterko udalerriaren gunea, XIX. mendeko lana da, askoz lehenagoko aztarnak daude bertan. Elizarekin angeluzuzena den plaza txiki batek, jauregi batek eta horren barruan dagoen udaletxeak osatzen dute. Elkarri atxikitako etxeak dauzkan kale estu bat plazaren alde zabalean amaitzen da.

Gainerako biztanleak baserrietako auzoetan, sakabanatuta, bizi dira. Auzo horiek bi aldetan bereizten dira: Goierrin eta Beterri.

  • Arropain: Lekeitioko hirigunearen ondoan kokatua.
  • Artika: mendialde batean kokatutako auzune zabala.
  • Barainka: udalerria Earekin lotzen duen mendi-lepo batean kokatua.
  • Elexalde Ispaster: udaletxea eta eliza dauden Ispasterko auzoburua.
  • Gallete: interes handiko baserriak dituen udalerriaren hegoaldean dago.
  • Kurtziaga: Lekeitiotik hur, Mendexak eta Amorotok mugatzen dute.
  • Gardata: XV. mendetik dokumentatutako auzo bildua.
  • Kortazar: ibarrean kokatutako auzo sakabanatua.
  • Larrinaga: Ogella eta Elexaldeko hondartzen artean kokatua.
  • Mendazona: aldats gogor baten dagoen auzo txikia.
  • Solarte: Iluntzarreko mendialdean sakabanatutako baserri multzoa.
  • Soloaran: zentrotik hur baina Ispasterko alde altuan kokatua.

Demografia

2019. urtean Ispaster herriak 741 biztanle zituen. Horietatik, %21,46ak 65 urte edo gehiago zituen. Atzerrian jaiotako herritarrak %8,37 ziren.

Historia

Historiaurrea

Kobeaga I eta II (Barainka) aztarnategietan topatu dira giza hondarrik zaharrenak, baita Urtiagako kobazuloan, Jentilkoban (Iperratx, Solarte) eta Otoioko Jentilkoban (Artika). Lehenengo biak garrantzitsuenak dira: Kobeaga II Ispasterreko lehendabiziko populazio aztarna da. Mesolito garaiko arrantzaleen herrixka da, K. a. 3500 ingurukoa, Neolito hasi baino lehenxeagokoa. Kobeaga I-en aurkitu dira hezurrean egindako apaindura ugari, baita keramika aztarnak ere. Kronologian zalantzak daude, agian Brontze Aroko nekropolia izan zelarik.

Erdi Aroa

1334koa da lehendabiziko aipamen idatzia, Alfonso XI.a erregeak emandako agindu batean agertzen dena. Bertan, eskatzen du Lekeitioko elizari itzultzea Amoroto, Ispaster, Gardata eta Asumendiko monteroen hamarrenak edo diezmos. Izan ere, Ispaster elizate moduan antolatuta zegoen, eta horrek ekarriko zizkion sarritan ondoko uriarekin liskarrak, Lekeitiorekin alegia. Hau zerbait orokorra izan zen garai hartan Bizkaian, Lur Laua eta hirien arteko tira-birak hain zuzen ere.

Hala ere, Jaurerria gogorren astindu zuen liskar nagusia oinaztar eta ganboatarren arteko borroka izan zen. Ispaster oinaztarren aldekoa izan zen, Adán de Yarza familia, Agirreko jaunak eta Zubietakoak izan ere.

Aro modernoa eta garaikidea

Uzta txarrak, epidemiak eta gerrak direla-eta, XX. mendea arte hazkunde demografikoa ez da sendoa izango. Nekazaritza eta abeltzaintza ziren jarduera nagusiak, arrantza Lekeitiorekin lotuago baitzegoen. Artoaren kultiboa gako nagusietakoa izan zen XVII. mendearen hasieran, eta zehazki herri honetan 1614tik aurrera. Honekin lotuta, errotak ugaritu egin ziren, eta herriak 4 eduki zituen 1630 inguruan. Gainera, lurralde hauetan zutik dirau Bizkaian dagoen haize-errota bakarrenetarikoa, Aixeder izenekoa, 1728 inguruan egindakoa.

XX. mendeaeren azken laurdenean, Ispasterko zentral nuklearra eraikitzeko proiektua egon zen, Ogella hondartzaren inguruan; baina Lemoizko ekimenak baino gutxiago egin zuen aurrera proiektuak.

1980ko otsailaren 1ean udalerriko errepide batean Ispasterko atentatua gertatu zen. ETAk prestaturiko ekintza, sei guardia zibil erahil zituzten eta bi etakide bat hil ziren halaber.

Ekonomia

Gaur egun, industrialde txiki batean "Onduvisa" enpresa eta "Lealde" kooperatiba daude. Turismoa da beste baliabide garrantzitsu bat, landa ostalaritzan Kurtxia, Logortza eta Natxiondo etxeekin eta bestela Zubieta jauregiko apartahotelarekin. 3 jatetxe daude bestela udalerrian.

Sektoreak honela banatzen ziren 2017an: Lehen sektorea %8,8; bigarren sektorea %29,2; hirugarren sektorea %58,4. Eraikuntza sektorea %3,6.

Politika

2011ko udal hauteskundeak

2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz Ispasterko alkatea Euzko Alderdi Jeltzaleko Jesus Maria Lekerikabeaskoa da.

2015eko udal hauteskundeak

2019ko udal hauteskundeak

Hauek izan ziren emaitzak: EAJk 227 boto; Independenteek 193 boto; PPk boto bakarra. Garbiñe Saenz de Buruaga Garralda izendatu zuten alkate.

Giuseppe Zanotti Luxury Sneakers

Kultura

Euskara

Ispasterren euskaldunak %88,85 dira eta kale erabilera %73,5. Bertako euskara sortaldeko bizkaieraren barnean dago katalogatuta, Lea-Artibaiko hizkeran hain zuzen.

Jaiak eta ospakizunak

  • Uztailaren 4an San Martinak.
  • Uztailaren 25etik 27ra Santiago eta Santa Ana.
  • Irailaren 29an San Migelak.

Kirola

Bertako Ipargorri kirol elkarteak Ispasterko Udala Sari Nagusia ziklo-kros lasterketa antolatzen du, urtero.

Ondasun nabarmenak

Ondare zibilean, aipatzekoak dira:

  • Arana jauregia. Eraikin barrokoa.
  • Villa Dolores
  • Zubieta jauregia. Eraikin barrokoa. Patio bat dauka barruan. Fatxada erdian kanpandorrea dauka, eta albo banatan bi dorre. Aurretik han egondako Adan Yarzakoaren dorrearen arrastoak gordetzen dira oraindik.
  • Axpe Aurrekoa baserria
  • Axpe Kaltzada baserria
  • Erkiagabekoa baserria
  • Erkiaga Erdikoa baserria.
  • Aixeder errota. 1723tik 1751ra funtzionatu zuen bakarrik. Geroztik etxebizitza moduan mantendu da. Arkitektura gordetzen du bakarrik. Makinaria galdu egin zen.
  • Udaletxea. 1813an frantsesek erre zuten eta 1817an berreraiki zuten.
  • Urkixa Torre, Artika auzoan.
  • Udalerriko lurretan dago kokaturik baita, Lekeitioko talaia

Erlijio-ondarearen artean, berriz:

  • San Migel eliza, Elexalde auzoan.
  • San Martin baseliza, Soloaran auzoan.
  • Santiago baseliza, Kortazar auzoan.
  • Santa Kruz baseliza, Mendazona auzoan.

Azkenik, nabarmentzekoak dira Kobeaga I eta II eta Iperratxeko eta Otoioko Jentilkobak, bertan historiaurreko aztarnategiak topatu dituzte eta.

Ispastertar ospetsuak

  • Juan Amiax, XVI. mendeko abadea eta idazlea.
  • Jacinto Arana, XVIII. mendeko apezpiku eta inkisidorea, Arana jauregian jaioa.
  • Agustin Basterretxea, idazlea eta abadea.
  • Jose Ramon Arteta, musikaria.
  • Patxi Gabika, txirrindularia.
  • Juan Silloniz, txirrindularia.
  • Aritz Erkiaga, puntista.

Argazki galeria

Erreferentziak

Kanpo estekak

  • Ispasterko albisteak euskaraz (Hitza)
  • Ispasterko Udalaren webgunea



Text submitted to CC-BY-SA license. Source: Ispaster by Wikipedia (Historical)


INVESTIGATION