Aller au contenu principal

Fitero


Fitero



Fitero ([fiteɾo]) Nafarroako hego-mendebaldean dagoen udalerria da. Nafarroako Erribera eta Tuterako merindadean kokaturik, Iruñetik 104 kilometrora dago. 2014. urtean 2.062 biztanle zituen.

Fitero eta Cintruenigoko zerbitzu sozialen mankomunitatea, zaborra bildu, ur-hornidura eta bestelako zerbitzuak eskaintzeaz arduratzen den erakunde publikoa da.

Geografia

Inguru naturala eta mugak

Fitero, Tuterako merindadearen hegoaldeko muturrean kokatzen da, Errioxarekiko mugan. Herrira heltzeko NA-160 errepidea hartu behar da Tutera-Cervera del Rio Alhamako norabidean. Alhama ibaiak udalerria zeharkatzen du, Ebroko adarra dena. Ur termalak dauden bainuetxea badauka Fiterok.

Mugakide hauexek ditu: Iparraldean Corella, ekialde eta hegoaldean Tutera, Zentroniko eta Tarazona eta mendebaldean Cervera del Rio Alhama eta Alfaro (Errioxa).

Klima eta landaredia

Fiteroko klima, Ebro ibarreko sakonuneko berezko klima mediterraniar-kontinentala da. Tenperaturek gorabehera handiak izaten dituzte eta udak beroak diren arren, neguan hotz egiten du. Prezipitazioak urriak dira urte osoan zehar eta batez ere udaberri eta udazken garaian pilatzen dira. Haizerik ohikoena iparreko zierzo haizea da, Erribera osoan gertatu bezala. Urteko batez besteko tenperatura 13 eta 14 gradu artekoa eta prezipitazioak 400 eta 500mm bitartekoak dira. Urteroko egun euritsuak 55-60 baino ez dira izaten.

Gizakiak erabat eraldatu du herriaren inguruko pasaia eta gaur egun, ez da jatorrizko basoetatik birlandatutako pinuak baino geratzen.

Estazio meteorologikoa

Herrigunearen kanpoaldean, itsasoaren mailatik 450 metrora, Espainiako Nekazaritza ministerioaren estazio meteorologikoa dago.

Aukeratu beheko zatian urte-tarte bat, urte horiek goian xehetasun handiagoz ikusteko.

Ikusi edo aldatu datu gordinak.


Historia

Fiteroko lehen giza arrastoak kristo aurreko I. mendekoak dira eta Pañetero izeneko gunean aurkitu dira. Herriaren historia beti egon da Fiteroko monasterioari loturik. Monasterioa 1140. urtean sortu zen Frantziatik etorritako fraideekin, eta Gaztelako Alfonso VII.a erregearen babespean. Monasterioko abada San Raimundo izan zen, Calatravako ordenaren sortzailea. 1152. urtean abadeen taldea gaur egungo kokalekura aldatu zen eta pixkanaka ondasun ugari pilatu zituzten. Horietatik garrantzitsuena Tudejenko gaztelua. Horrez gain, erregeen laguntza ugari jaso zituzten eta horrela XII. mendearen amaieratik XIII. mendearen erdira, monasterioa handitu eta hainbat kapera eta egoitza eraiki zituzten.

XIV. mendean Nafarroa eta Gaztelaren arteko gatazka sortu zen, monasterioaren jabetza nork zeukan erabakitzeko. Azkenik, 1373. urtean Boloniako Guido kardenalak monasterioa eta Tudejenko gaztelua Nafarroarenak zirela epaitu zuen. XV. mendean, mendeko krisialdiaren ostean, Azkoiengo On Miguel abadak, gaur egungo Fiteroko herriaren sortzea sustatu zuen, monasterioari segurtasuna emateko asmoarekin. Herria, monasterioaren jabetza izan zen, sortutako momentutik eta abadeek jaurerriaren moduko erregimenaz agindu zuten fiterotarrengan.

Azkenik, 1836. urtean, herriak independentzia eskuratu eta udaletxe propioa lortu zuen, mendeetako menderaketari amaiera emanez. 1850an Fiteron nesken eta mutilen eskola bana zegoen. Mutilen eskolako maisuak 5.000 erreal irabazten zituen urtean, eta nesken eskolako maistrak 2.600 erreal baino ez. Bi eskoletan antzeko ikasle kopurua zegoen, 70 inguru. Alhama ibaiaren gaineko zubia 1827an hondatu eta 1843an berria eraiki zuten.

Gerra Zibila

Gerra Zibileko errepresioa Erriberako beste herrietan bezain gogorra izan zen. Fiteroko alkatea,Jacinto Yanguas Fernández, udaleko hainbat kide eta herriko langileen hainbat ordezkari erail zituzten altxatutako faxistek.

Ekonomia

Fiteroko bainuetxea

Fiteroko uren onuraz lehenak konturatzen erromatarrak izan ziren, eta Fiteroko urak duela bi mila urte jada erabiltzen zirela uste dute hainbat historialariek. 1157an termak Fiteroko monasterioari eman zizkion dohaintza moduan Antso III.a Gaztelakoa erregeak. 1507an Gaztela eta Nafarroaren arteko gerra amaigabeen ondorioz, bainuetxea erabat suntsiturik geratu zen.

XIX. mendearen hasierako Iberiar Penintsulako Gerran, bainuetxea kudeatzen zuten fraideak kanporatu zituzten arren, 1814ean berriz jarri ziren bainuetxearen kargu. Bi hamarkada beranduago dena den, Mendizabalen desamortizazioak betiko aldendu zituen fraideak bainuetxetik eta Juan Jose Arejula tuterarra jarri zuen termen buru. 1846an, iturburu berria aurkitu eta honen inguruan "Bainuetxe berria" eraiki zuten.

Gaur egungo bainuetxe modernoa 1909an sortu zen, iturburu berriko eta zaharreko bainuetxeak bat egin zutenean. Gaur egun horrela bi egoitza daude "Gustavo Adolfo Becquer Hotela" eta "Palafox Hotela".

Demografia

XX. mendearen hasieran zituen 3.412 biztanleetatik, Fiteroko populazioak beheranzko joera izan zuen XX. mende osoan. XXI. mendearen hasieran 2.200 biztanleen inguruan zegoen populazioa.

2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko 325 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren % 14,61a (Nafarroako batezbestekoaren gainetik).

Politika

Udal hauteskundeak

1979tik Fiteroko alkatea beti izan da UPNkoa. 2003tik Francisco Javier Yanguas Fernández da. 2007an Udaleko hamaika zinegotzietatik sei lortu zituen eta hortaz gehiengo absolutua. Baliogabeko botoak 18 izan ziren (emandako guztien %1,17a) eta zurizko 14 boto izan ziren (botoen %0,92a). Abstentzioa %12,46koa izan zen.

2011n UPNkoa izan zen aurkeztutako zerrenda bakarra, ezohiko gertaera tamaina horretako herrien artean. 11 zinegotziak eta Yanguasek alkatetza- eskuratu bazituen ere, UPN botoetan jaitsi egin zen.

Alkateen zerrenda

Udaletxea

Udaletxe zaharra Udaletxe Plaza edo "plazatxoa" (gaztelaniaz "placilla") izenekoan egon zen. Plazaren izena, zuen tamaina txikiagatik jarri zioten herritarrek. Eraikina 1599an altxatu zen Francisco Inestrillasen proiektu baten arabera. XX. mendearen bigarren erdian, udaletxearen etengabeko narriadura zela eta, komentu zistertarraren ondoko eraikuntzara eraman zituzten udal bulegoak. XVII. mendean altxatutako eraikin honek, harrizko fatxada eta goikaldean bi zatitan banaturiko adreiluzko egitura dauka. Eraikina udaletxe moduan erabiltzeko egin beharreko eraberritze lanetan 9,5 milioi pezeta gastatu zituen udalak (Nafarroako gobernuak diruz lagundu zituen lan hauek).

Udala alkatea eta hamar zinegotzik osatzen dute.

  • HELBIDEA: San Raimundo pasealekua, 11

Garraioa

Nafarroako Hiriarteko Garraioa sareko 300 lineak zerbitzua ematen dio herri honi:

Gainera, Automoviles Rio Alhama autobus konpainiak Fitero Tuterarekin batzen du. Autobus lineak, honako ibilbidea egiten du:

  • Aguilar del Río Alhama - Fitero - Cintruenigo - Corella eta Tutera

Kultura

Euskara

Nafarroako gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Fitero eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, herritarren %6,02k zekien euskaraz hitz egiten.

Jaiak eta ospakizunak

  • Bardako Andra Mariren omenezko jaiak,
  • Igokundearen bezpera eguneko erromeria.
  • San Raimundoren omenezko jaia, martxoaren 15ean.
  • "Gazteriaren jaiak" abuztuko lehen asteburuan.

Ondasun nabarmenak

  • Santa Maria la Real monasterioa: 1140 sorturiko monasterio erromaniko zistertarra da. Barruan, irudi erlijioso garrantzitsuak gordetzen dira.
  • Fiteroko bainuak: Herritik lau kilometrora kokatuak Cerverako norabidean.
  • Tudejengo gaztelua

Fiterotar ezagunak

  • Juan de Palafox y Mendoza (Fitero, 1600 - Osma, 1659), , Pueblan (México) eta Osman apezpikua, Nueva Españako erregeordea.
  • Miguel de los Santos Díaz Gómara (Fitero, 1885 - Cartagena, 1949), Osman, Cartagenan eta Bartzelonan apezpikua.
  • Ceferino Yanguas (Fitero, 1889 - Gasteiz, 1970), argazkilaria.
  • Manuel García Sesma (Fitero, 1902 - 1991), idazlea, gerra zibilaren ondoren Mexikon erbesteratu zen; konzentrazio- zelaiak ezagutu zituen.
  • José María García Lahiguera (Fitero, 1903 - Madril, 1989), Valentziako atzapezpikua.
  • Mauro Azkona (Futero, 1903 - Mosku, 1982), zinema zuzendari eta gidoigilea.
  • Lorenzo Luis Yanguas (Fitero, 1882 - 1946), musika-konponsatzailea.
  • Maria Jose Bozal (1950-), politikaria.
  • Maria Bayo (1961-), sopranoa.

Ikus, gainera

  • Nafarroako udalerrien zerrenda

Erreferentziak

Kanpo estekak

  • Fitero, Nafarroako gobernuaren turismoa sustatzeko webgunean.
  • (Gaztelaniaz) Fiteroko udalaren webgunea.
  • (Gaztelaniaz) Fiterori buruzko informazioa Nafarroako gobernuaren webgunean.
  • (Gaztelaniaz) Fiterori buruzko webgunea.
  • Lejalde kalearen ikuspegia Google Street View-n.
  • (Gaztelaniaz) Fiteroko Bainuetxearen webgunea.



Text submitted to CC-BY-SA license. Source: Fitero by Wikipedia (Historical)