Aller au contenu principal

Roger De Vlaeminck


Roger De Vlaeminck


Roger De Vlaeminck (Eeklo, Belgika, 1947ko abuztuaren 24a) belgikar txirrindularia izan zen, bai errepidean bai ziklo-krosean bikain moldatzen zena. Rik Van Looyk honela deskribatu zuen: "Bere belaunaldiko klasikoetako lasterkari talentudunena". De Vlaeminck izan zen Eddy Merckx handiari klasikoetan itzal egiteko gai zen bakarretakoa. Paris-Roubaix lasterketa lau aldiz irabazi zuenez gero, Monsieur Paris-Roubaix ezizena jarri zitzaion. 1975ean Munduko Ziklo-Kros Txapelketa irabazi zuen, baina, errepideko txirrindularitzan gehiago nabarmendu zen.

Ibilbide amateurra

Bere lehen kirol zaletasuna futbola izan zen eta 16 urterekin F.C. Eekloan debuta egin zuen. Futbolean karrera bat egin zezakeen, hala ere, bere anaia nagusia Erik De Vlaeminck txirrindulari profesional bezala izandako arrakasta ikusirik, Roger ere txirrindularitza probatzeko. 1965ean junior bezala lehiatu zen, garaipen bakar bat lortuz, baina 1966an 25 garaipen lortu zituen. Roger eta Eric, neguetan ziklo-krosean aritzen ziren eta 1968an, Luxenburgon, Erik profesionaletan munduko txapeldun bihurtu zen eta egun berean Roger amateurren txapelduna. Rogerrek, 1975ean titulu profesionala ere eskuratu zuen.

1968an, De Vlaeminckek gizonezkoen banakako errepide lasterketan parte hartu zuen Mexikon Udako Olinpiar Jokoetan eta 18.a amaitu zen.

Ibilbide profesionala

De Vlaeminck 1969ko denboraldi hasieran profesional bihurtu zen Flandria-Declerck taldean eta bere lehen lasterketan (“Omloop Het Volk”) irabazi zuen. De Vlaemincken ibilbidea Eddy Merckxen parekoa izan zen, eta Merckxen aurka borrokatu zuen bere karrera osoan zehar. De Vlaeminckek 14 aldiz korritu zuen Paris-Roubaix, lau aldiz irabaziz (1972, 1974, 1975 eta 1977), beste lau aldiz bigarren amaitu zuen, hirugarren behin, bosgarren behin, seigarren behin, zapigarren bi aldiz, eta bakarrik 1980an ez zuen amaitu. Ziklo-kroserako zuen trebeziak lagundu zion Frantziako iparraldeko galtzadak zeharkatzen zituen lasterketetan. De Vlaeminckek denboraldi hasierako Italiako Tirreno-Adriatiko itzulia erabiltzen zuen udaberriko klasikoetarako entrenamendu gisa. 1972 eta 1977 artean menderatu zuen lasterketa hau, sei alditan eskuratuz eta 15 etapatan irabaziz. De Vlaeminck da bost Monumentuak irabazi dituen hiru txirrindularietako bat (Milan-San Remo, Flandriako Tourra, Paris-Roubaix, Liege-Bastogne-Liege eta Lombardiako Giroa). Beste biak Rik van Looy eta Eddy Merckx belgikarrak dira. Irabazi ez zuen egun bakarreko lasterketa bakarra, Munduko Errepideko Txirrindularitza Txapelketa izan zen, bere emanaldirik onena 1975ean lortutako bigarren postua izanik, Hennie Kuiperren atzetik. Frantziako Tourrean hiru aldiz hartu zuen parte eta 1970koan 6. etapa irabazi zuen, Amiens eta Valenciennes artean. Italiako Giroan hiru alditan eskuratu zuen elastiko morea (puntukako sailkapena), baita 22 etapetan gainditu ere (horietako 7, 1975eko edizioan). 1984ko bere azken denboraldian, etapa garaipen bat lortu zuen Espainiako Vueltan. Bere ibilbide profesionalak 15 urte iraun zuen (1984an erretiratu zen) eta 257 garaipen izan zituen.

Karreraostea

De Vlaeminck, Kaprijkeko landetxe batean bizi dena, txirrindularitzan jarraitzen du. Ziklo-kroseko entrenatzaile lanetan ibili da. 2004ko apirilean bere entrenatzaile lana Belgikako John Saey-Deschacht taldean utzi zuen, familiarekin denbora gehiago pasatzeko. Hala ere, 2004ko azaroan Zimbabwe taldeko aholkulari bezala aritu zen, 2005eko Alemanian jokaturiko munduko txapelketarako prestatzeko.

De Vlaeminck oso ezaguna da txirrindularitzari buruzko iritzi irmoengatik, eta askotan kazetariek elkarrizketatzen dute. Bereziki, talde batean lider anitzak izatea kritikatzen du. Beraren ustez, horrek esan nahi du lasterkari onenek lasterketa garrantzitsuak banatzen dituztela. De Vlaeminck ere ezaguna da Tom Booneni buruzko bere iritzi zakarragatik, bere 4 Paris-Roubaixen errekorra berdintzeko duin ez zela esanez, gaurko txirrindularitza ez delako lehen bezain gogorra. Hortik sortu zen flandrierazko esamolde bat: "In den tijd van Roger De Vlaeminck..." ("Roger De Vlaemincken garaian...") non De Vlaemincki era guztietako gauza ezinezkoak egitea egozten dioten.

Kirol lorpenak

Palmaresa

Klasikoak, Txapelketak eta Olimpiar Jokoak

Itzuli Handiak

Beste Itzuliak

Erreferentziak

Kanpo estekak

  • Roger De Vlaeminck - ProCyclingStats
  • (Ingelesez) (Gaztelaniaz) (Frantsesez) Roger De Vlaeminck - Cyclingarchives
  • (Frantsesez) Roger De Vlaeminck - Memoireducyclisme

Text submitted to CC-BY-SA license. Source: Roger De Vlaeminck by Wikipedia (Historical)


INVESTIGATION