Aller au contenu principal

Colmar


Colmar


Colmar (frantsesez eta ofizialki: Colmar, kɔlmaʁ ahoskatua; alsazieraz: Colmer, ˈkolməʁ ahoskatua; alemanez (1871–1918 eta 1940–1945): Kolmar) Ekialde Handiako hiria da, egun administrazioz Frantzian dagoen Rhin Garaia departamenduko hiriburua dena. 70.000 biztanle inguruko hiria da, Alsazia eskualdeko hirugarren handiena, Estrasburgo (hiriburua) eta Mulhouse hirien atzetik. Colmarren metropoli eremuak 199.234 biztanle ditu 2018ko erroldaren arabera.

Ongi kontserbaturiko alde zaharrarengatik da ezaguna. "Alsaziako ardoaren ibilbidean" kokaturik dago eta Alsaziako ardoen hiriburua kontsideratzen da.

Historia

Colmarren aurreneko aipamena Karlomagno enperadoreak egin zuen Saxoniako gerretako kroniketan. 884an Karlos III.a Gizenak dieta bat ospatu zuen bertan.

1226. urtean hiri inperial askearen titulua eman zion Frederiko II.ak eta 1354an Alsaziako Dekapolis hiri-elkartean sartu zen. 1575ean Protestantismoa hartu zuen, Estrasburgok onartu baino askoz beranduago. Hogeita Hamar Urteko Gerra garaian Suediako armadak konkistatu zuen 1632an eta bi urtez eutsi zion. 1635ean inperioko indarrek hiriko uzta kalteti zuten eta hiritarrek harresietatik tiro egin zieten. 1673an Luis XIV.a Frantziakoak konkistatu zuen eta Nijmegeneko Itunak eman zion jabetza ofiziala Frantziari.

1854. urtean kolera izurri bat izan zen eta colmartar ugari hil ziren. 1863an "Colmarko altxorra" aurkitu zen, juduek izurri beltzaren garaian ezkutatu zuten bitxien multzo handia. 1871n Frantzia-Prusia Gerra amaitu zen eta Colmar Alemaniar Inperioak eskuratu zuen, Alsazia guztia bezala, eta Alsazia-Lorrena probintzian sartuta gelditu zen.

1919an Lehen Mundu Gerra amaitu zen eta Frantziak berreskuratu zuen Alsazia. 1940an Alemaniak anexionatu zuen Bigarren Mundu Gerra betean baina 1945ean "Colmarreko poltsa" izenaz ezagutzen den borrokan frantsesek berreskuratu zuten.

Geografia

Colmar Estrasburgotik 64 kilometrotara dago hego-mendebalderantz. Vosgetan kokatuta dago, Alsaziako lautadan, eta Lauch ibaiak zeharkatzen du hiria, ondoren Ill ibaiarekin bat egiten duenak. Ubide batek Rhin ibaiarekin ere lotzen du hiria.

Udalerriak 6.657 hektareako azalera hartzen du eta altuera itsas mailaren gainetik 175 metro eta 214 metro artekoa da.

Klima

Klima ozeanikoa du Colmarrek, Köppen sailkapenean Cfb izendapena du. Mikroklima eguzkitsua du eta Frantziako hiri lehorrenetakoa da, urteroko prezipitazioak 607 mm dira batazbeste.

Ondasun nabarmenak

Frantziako Iraultzak eta Gerrek ez zuten askorik kaltetu Colmar eta alde zaharra oso ongi kontserbatu da. Frantziako eta Alemaniako zortzi mendetako arkitektura ikus daiteke hirian, Vosgeetako hareharri hori eta arroxez eraikiak. Monumento historiko izendaturiko 58 eraikin ditu hiriak.

Lauch ibaiaren ertzak "Venezia txikia" (la Petite Venise) ezizena hartzen du. Azkenik hirian zehar barreiaturik dauden espazio berdeek 108 hektareako azalera hartzen dute.

Eraikin erlijiosoak

  • San Martin eliza (Église Saint-Martin): Colmarreko eliza handiena da, 1234 eta 1365 artean eraiki zen.

Eraikin zibilak

  • Antzinako aduana (Ancienne Douane edo Koifhus): 1480. urtean alemaniar gotiko estiloan eraikia.
  • Pfister etxea (Maison Pfister): 1537an alemaniar pizkundeko estiloan eraikia.
  • Maison des Têtes: 1608an alemaniar pizkundeko estiloan eraikia.
  • Udal antzokia (Théâtre municipal): 1849an Frantzar neoklasizismo estiloan eraikia.
  • Uraren dorrea: 1886an eraikia, Alsaziako zaharrena da.

Museoak

  • Unterlinden museoa (Musée Unterlinden): Antzinako dominikoen konbentuan ezarri zen museoa 1849. urtean. Aurrehistoriatik hasi eta historia garaikidera arteko artisautza eta artelan bilduma handia du. Urtero 200. 000 bisitari izaten ditu eta Alsazia osoko bisitatuena da.
  • Bartholdi museoa (Musée Bartholdi): Bartholdi eskultore colmartarraren bizitza erakusten duen museoa da. New Yorken dagoen Askatasunaren Estatua egin izanagatik da mundu mailan ezaguna.

Monumentuak

  • Iturriak: Bartholdk eskulturak egin zituen hiru iturri famatu daude Comarren:
    • Fontaine de l'Amiral Bruat – 1864
    • Fontaine Roeselmann – 1888
    • Fontaine Schwendi – 1898
  • Monument du Général Rapp – 1856 (Bartholdiren eskultura)
  • Monument Hirn – 1894 (Bartholdiren eskultura)
  • Les grands soutiens du monde − 1902
  • Askatasunaren Estatuaren erreplika

Inguruko herriak

Colmarren inguruan herri tradizional ugari daude, uda aldean turismo ugari hartzen dutenak. Colmarretik 15 kilometro baino gertuagora kokaturik dauden 12 herri dira. Renaniar pizkundeko estiloko etxeak dituzten herri txikiak dira eta herririk herri ibilbide bat osatu daiteke. Uda aldean ibilbidea egiten duen autobusa dago. Ezagunenak Eguisheim eta Riquewihr dira.

Kultura

1980. urtetik aurrera Colmarreko Musika Klasikoaren Nazioarteko Jaialdia (Festival international de musique classique de Colmar) ospatzen da. Uztailean izaten da eta zazpi egunetako jaialdia da.

Abuztuan Alsaziako ardoen feria izaten da Colmarren. 1927an izan zuen aurreneko ekitaldia. 370 ekoizle eta 254.000 bisitari izan zituen 2010ko ekitaldiak.

Iruditegia

Colmartar ospetsuak

  • Martin Schongauer (1445-1491), irarlea eta margolaria.
  • Frédéric Auguste Bartholdi (1834 - 1904), eskultorea.
  • Ernst Stadler (1883-1914), poeta espresionista.
  • Lætitia Bléger (1981 -), Miss Frantzia eta playmate.

Herri eta hiri senidetuak

Colmar ondorengo hiriekin senidetuta dago:

  •  Abingdon (Oxfordshire) (Erresuma Batua)
  •  Eisenstadt (Austria)
  •  Győr (Hungaria)
  •  Lucca (Italia)
  •  Princeton (New Jersey) (AEB)
  •  Schongau (Bavaria) (Alemania)
  •  Sint-Niklaas (Belgika)

Erreferentziak

Kanpo estekak

  • (Frantsesez) Webgune ofiziala

Text submitted to CC-BY-SA license. Source: Colmar by Wikipedia (Historical)