Aller au contenu principal

Jefferson Airplane


Jefferson Airplane


Jefferson Airplane estatubatuar rock taldea izan zen, 1960ko hamarkadaren erdialdean San Frantziskon sortutakoa. Musika psikodelikoaren aitzindaria izan zen. Taldearen bi abesti, "Somebody to Love" eta "White Rabbit", Historiako 500 kanta hoberenen zerrendan kokatu zituen Rolling Stone aldizkariak.

Historia

Marty Balin kantariaren ekimenez sortu zuten Jefferson Airplane 1965ean Paul Kantner eta Jorma Kaukonen gitarristek, Signe Toly Anderson kantariak, Bob Harvey baxu jotzaileak eta Jerry Peloquin bateria jotzaileak. Andersonek 1966an utzi zuen taldea, eta Grace Slickek ordeztu zuen. Taldea berehala bihurtu zen 1960ko hamarkadaren amaieran Kalifornian garatu zen kontrakulturaren ikur nagusietakoa. Gai politikoak eta zientzia-fikzioa uztartzen zituen Kantnerrek bere hitzetan, eta musikan tonu psikodelikoak nabarmentzen ziren. Kantner izan zen, hain zuzen ere, garaiko kantu ezagun askoren egilea: “Watch her Ride”, “The Ballad of You and Me and Pooneil”, “Crown of Creation”... Balinekin lau eskutara idatzitakoak dira, berriz, “Today” eta “Volunteers”.

Garai hartan egin ziren makrojaialdi guztietan hartu zuen parte Jefferson Airplanek. Montereyn izan zen 1967an, Woodstocken 1969an, eta baita Altamonten ere. Urte loriatsu haien ondoren, ordea, barne tentsioak agerian gelditu ziren. 1970ean Kantner bakarka estreinatu zen Blows Against The Empire diskoarekin, bere hurrengo proiektua izango zenari nolabaiteko bidea eginez. Izan ere, Jefferson Airplanen ibilitako kide batzuekin eta beste musikari batzuekin, ibilbide arrakastatsu eta komertzialagoa abiatu zuen Jefferson Starship proiektuarekin.

Taldekideak

  • Marty Balin - ahotsa, gitarra (1965-1971, 1989; 2018an zendua)
  • Paul Kantner - gitarrak, koruak (1965-1972, 1989; 2016an zendua)
  • Jorma Kaukonen - gitarrak, koruak (1965-1972, 1989)
  • Signe Toly Anderson - ahotsa (1965-1966; 2016an zendua)
  • Bob Harvey - baxua (1965)
  • Jerry Peloquin - danborrak (1965)
  • Jack Casady - baxua (1965-1972, 1989)
  • Skip Spence - bateria (1965-1966; 1999an zendua)
  • Grace Slick - ahotsa (1966-1972, 1989)
  • Spencer Dryden - bateria (1966-1970; 2005ean zendua)
  • Papa John Creach - biolina (1970-1972, 1989; 1994an zendua)
  • Joey Covington - bateria (1970-1972; 2013an zendua)
  • John Barbata - bateria (1972)
  • David Freiberg - ahotsa (1972)

Diskografia

Estudioko diskoak

  • Jefferson Airplane Takes Off (1966)
  • Surrealistic Pillow (1967)
  • After Bathing at Baxter's (1967)
  • Crown of Creation (1968)
  • Volunteers (1969)
  • Bark (1971)
  • Long John Silver (1972)
  • Jefferson Airplane (1989)

Bildumak eta zuzenekoak

  • Bless Its Pointed Little Head (1969, zuzenean grabatua)
  • The Worst of Jefferson Airplane (1970, bilduma)
  • Thirty Seconds Over Winterland (1973, zuzenekoa)
  • Early Flight (1974, bilduma)
  • Flight Log (1977, bilduma)
  • 2400 Fulton Street (1987, bilduma)
  • Jefferson Airplane Loves You (1992)
  • Journey...best of (1996)
  • Live at the Fillmore East (1998, 1968ko zuzeneko baten grabazioa)
  • Ignition (2001)
  • Sweeping Up the Spotlight (2007, 1969ko zuzeneko baten grabazioa)
  • The Woodstock Experience (2009)
  • Live at the Fillmore Auditorium 10/15/66: Late Show – Signe’s Farewell (2010)
  • Grace's Debut (2010, 1966ko zuzeneko baten grabazioa)
  • We Have Ignition (2010)
  • Return to the Matrix (2010)

Erreferentziak

Kanpo estekak


Text submitted to CC-BY-SA license. Source: Jefferson Airplane by Wikipedia (Historical)