Aller au contenu principal

Charles III.a Erresuma Batukoa


Charles III.a Erresuma Batukoa


Charles III.a Erresuma Batukoa, jaiotzez Charles Philip Arthur George Windsor, (Buckingham jauregia, Londres, Erresuma Batua, 1948ko azaroaren 14a - ) Erresuma Batuko erregea da 2022ko irailaren 8tik. Horrez gain, Antigua eta Barbuda, Australia, Bahamak, Belize, Kanada, Grenada, Jamaika, Zeelanda Berria, Papua Ginea Berria, Saint Kitts eta Nevis, Santa Luzia, Saint Vincent eta Grenadinak, Salomon Uharteak eta Tuvaluko erregea da.

73 urte zituela hartu zuen erregetza, ordu arte adin nagusiko bizialdi gehienean Galesko Printze tituluaz ezaguna izan ondoren.

Biografia

Charles Galeskoa Londresko Buckingham jauregian (Erresuma Batua) jaio zen 1948ko azaroaren 14an. Aita Edinburgoko dukea zuen eta ama, berriz, oraindik printzesa Elizabeth, gero Elizabeth II.a erregina.

1948ko abenduaren 15ean, Canterburyko artzapezpikuak bataiatu zuten Buckingham jauregiko Musika Aretoan. Aitona Jurgi VI.a, Maria erregina, Margarita printzesa, Milford Haveneko markesa, David Bowes-Lyon, Lady Brabourne, Haakon VII.a Norvegiakoa eta Greziako Jurgi printzea izan zituen aita-ama besoetakoak.

Charlesen birraitona Jurgi V.a erregeak emandako aginduak Britainia Handiko printze eta printzesa tituluak eta errege gorentasun tratamendua erregearen aldeko seme-alaba eta ilobei edo Galesko printzearen seme zaharrenaren seme-alabei bakarrik zegokiela ezarri zuen. Charlesi oinordekotza amaren aldetik zetorkionez eta Edinburgoko dukearen seme zaharrena zenez, Merionetheko konde izatea zegokion baina, 1948ko urriaren 22an, Jurgi VI.aren errege patenteak titulu horiek esleitu zizkien Elizabeth eta Philipen seme-alabei. Horrela, erregina izan zitekeenaren seme-alabak errege mailara igo ziren eta ez zen horrela gertatu Jurgi VI.aren beste alabarekin, Margarita printzesarekin. Horrexegatik, Charles jaio bezain pronto, Bere Errege Gorentasuna Charles Edinburgoko printzea izan zen.

1952an, ama Elizabeth erregina egin zuten eta Elizabeth II.a Erresuma Batukoa izango zen handik aurrera. Westminsterreko abadian egon zen mutikoa amona Elisabet eta izeba Margaritaren ondoan eserita. Era berean, Charles Bere Gorentasuna Kornuallesko dukea egin zuten eta gainontzeko tituluak ere eskuratu zituen.

Printzeak Gordonstouneko eskolan ikasi zuen, Eskozian eta Cambridgeko Trinity Collegen. Galesa ikasi nahi zuenez, Aberystwythko ikastetxean ere ikasi zuen, Galesen: hizkuntza hori ikasten saiatu den Ingalaterran jaiotako lehen printzea da.

1958an jaso zuen Galeseko printzea titulua eta 1969ko uztailaren 1ean egingo zuten ofizialki Caernarfongo gazteluan. Galesko printzeaz gain, Cornuallesko duke, Rothesayko duke, Carrickeko konde, Renfrewko baroi, Rothesayko dukerriari atxikitako Uharteetako Jaun eta Chesterreko konde ere bazen.

2022ko azaroaren 8an, Elizabeth II.a Erresuma Batukoa zendu ostean, Erresuma Batuko errege bilakatu zen, Charles III.a izenarekin.

Lehen ezkontza

1981eko uztailaren 29an, Charles Spencer kondearen alaba gazteen lady Diana Spencerrekin ezkondu zen Londresko San Paulo katedralean. Errege etxe guztiak izan ziren han, Juan Carlos I.a Espainiakoa izan ezik, bikote berriaren eztei bidaian Gibraltarren eskala egin behar zutela-eta.

Ezkontzaren ondorioz, Lady Diana Bere Errege Gorentasuna Galesko printzesa egin zuten eta oso maitea izan zen herriarentzat. Prentsan ohiko egin zen eta nortasun desorekatua ere aipatzen zen behin eta berriro.

1980ko hamarkadaren bukaeran, senar-emaztearen arteko harremana hausten ari zela nabarmen ikusi zen eta, 1990eko hasieran, begi bistan zegoen. Prentsak Lady Diren bakardadea eta errebeldia erakusten zituen eta Galesko printzea zurrun eta zaharkitu agertzen zen.

Bikoteak bi seme izan zituen, William eta Harry.

1992an, Charles eta Diana banandu ziren eta, 1996ko abuztuaren 28an, dibortziatu. Dianak Errege-Gorentasun titulua galdu zuen, baina Galesko printzesa izaten segitu zuen.

Diana 1997ko abuztuaren 31n hil zen Parisen, Frantzian, de l'Alma tunelean izandako auto istripu batean. Harekin batera, bikotekide Dodi Al-Fayed eta Henri Paul auto gidaria hil ziren. Bizirik iraun zuen bakarra Trevor Rees-Jones izan zen, Al-Fayeden bizkartzaina, segurtasun uhala jarrita zeraman bakarra. Mohamed Al-Fayed, Dodiren aita eta Ritz Paris Hotelaren jabea, urteetan aritu da konspirazioren baten aztarnak aurkitu nahian, baina ez du sekula frogatzerik lortu.

Aita bakartiaren paperak 1990eko hamarkadan galdu zuen onarpena ekarri zion Charlesi. Diana hil zenerako, printzea harremanetan zegoen, jada, bere lehen amorantearekin, Camilla Parker-Bowles, eta ez zuen harreman hori ezkutatzen. Hura bigarren emaztea izan zuen.

Bigarren ezkontza

Charles eta Camilla Parker-Bowlesen arteko harremana aspalditik zetorren, Charles Dianarekin bizi zenetik, behintzat. Lady Di hil zenean, Camilla haren bikotekide ez ofiziala izan zen eta agerpen publiko askotara lagundu zion horri.

2005eko apirilaren 9an Charles eta Camillaren arteko ezkontza zibila egin zen Windsorreko udalean: bezperarako aurreikusita zegoen, baina Joan Paulo II.a hil zen eta hiletak zirelako atzeratu zuten. Charles Ingalaterrako errege familian ezkontza zibila egin duen lehena da. Ezkontzarekin, Camilla Kornuallesko dukesa egin zuten.

Genealogia

Kanpo estekak

  • (Ingelesez) Erresuma Batuko Errege Etxeko webgune ofiziala





Text submitted to CC-BY-SA license. Source: Charles III.a Erresuma Batukoa by Wikipedia (Historical)