Aller au contenu principal

Carl Philipp Emanuel Bach


Carl Philipp Emanuel Bach


Carl Philipp Emanuel Bach (Weimar, 1714ko martxoaren 8a – Hanburgo, 1788ko abenduaren 14a) konpositore alemaniarra, Johann Sebastian Bach eta Maria Barbara Bachen hamaika seme-alabetan bigarrena.

Estilo klasikoaren sortzaileetako bat izan zen, eta estilo galantearen garaiko konpositore garrantzitsuenetariko bat. Gainera, XX. mendeko klabezin-jotzaileetan azken maisua izan zen.

Bizitza eta obra

10 urte zituela, Leipzigeko Tomasschule eskolan hasi zen ikasten, aita 1723tik kantore zen eskolan. Zuzenbidea ikasi zuen gero Leipzigen bertan 1731n, eta 1734tik aurrera Viadrina Unibertsitatean eta Frankfurt Oderren. 1738an lizentziatu zen, baina ez zuen horretan lan egin, eta musikari ekin zion bete-betean.

1738an bertan klabezin-jotzaile izendatu zuten Frederiko II.a Handia printze oinordekoaren gortean. 1740an Federiko II.a Handia errege egin zutenean, gortearen parte izatera pasatu zen. Garai hartan Europako klabezin-jotzailerik hoberenetarikoa zen. Haren ospeak goia jo zuen bi sonata-sailekin, lehena, Federiko II.a Handiari (Preußische Sonaten, 1742), eta bigarrena, Wurtembergeko dukeari eskainia (Württembergische Sonaten, 1744).

1746an ganbera-musikari izendatu zuten, eta hogeita bi urtetan zehar hala jarraitu zuen, Carl Heinrich Graun, Johann Joachim Quantz eta Johann Gottlieb Naumannekin batera. Berlinen bizi izan zen garai horretan, honakoak konposatu zituen: Magnificat (1749), aitaren eragin handia erakutsiz; Pazko kantata bat (1756); zenbait sinfonia eta kontzertu; gutxienez hiru abesti-sail; zenbait kantata sekular eta beste pieza batzuk. Baina, haren lanik garrantzitsuena klabezinari lotuta egon zen, besteak beste, Mit veränderten Reprisen bilduma (1760-1768). Gainera, 1753an Versuch über die wahre Art das Clavier zu spielen idatzi zuen (tekla-instrumentuak jotzeko arteari buruzko saiakera), arrakasta handia izan zuen tratatu sistematiko eta magistrala. Muzio Clementi eta Johann Baptist Cramerren metodoetarako oinarria da.

1768an Georg Philipp Telemann hil ondoren, Hanburgoko kapera-maisu karguan jarraituko dio. Kargu horretan musika sakroari ardura handiagoz begiratu behar izan zion. Aldi berean, Joseph Haydnen ibilbideak haren beraren konposizio instrumentala suspertu egin zuen.

Hanburgon hil zen 1788ko abenduaren 14an.

Obra eta musika-estiloa

XVIII. mendearen bigarren erdian Carl Philipp Emanuelen ospea handia izan zen. Wolfgang Amadeus Mozartek (harreman estua zuen haren aitarekin), zera esan zuen hari buruz: “Bera aita da, gu umeak.” Joseph Haydnen heziketaren tarterik handiena Carl Philipp Emanuelen obra atertzen eman zuen. Ludwig van Beethovenek haren talentuaren aurrean mirespena eta estimua adierazi zituen. Hori guztia, batez ere, klabezinerako sonatek eman zioten, musika-forma horren garapenean oihartzun handia izan zuten sonatek. Estiloa argia da, espresioa leuna. Nabarmenak dira beren askatasunagatik eta beren askotariko diseinu estrukturalagatik. Eskola italiarreko konpositoreek ezarritako eskema zurrunarekin hautsi, eta vienar maisu handien etorrera erraztu zuten.

XIX. mendean haren izena ahaztu egin zen. Robert Schumannek zioenez, musikari sortzaile gisa, bere aitarengandik oso urrun zegoen. Johannes Brahmsek, aldiz, estimutan zuen, eta haren obra batzuk argitaratu zituen.

Gaur egun, ikasleek askotan interpretatzen dituzte haren Sonaten für Kenner und Liebhaber, haren Die Israeliten in der Wüste eta Die Auferstehung und Himmelfahrt Jesu oratoriak, hala nola klabikordiorako zenbait kontzertu, adibidez, Kontzertua Sol maiorrean eta Re maiorrean.

Flautarako kontzertua re minorrean mundu guztiko flauta-jotzaileen ohiko errepertorioaren parte da.


Text submitted to CC-BY-SA license. Source: Carl Philipp Emanuel Bach by Wikipedia (Historical)



INVESTIGATION